Feria egunak

Guaixe 2016ko urr. 14a, 09:40

Jolas eta jokoekin hasiko dira feriak Altsasun. Peñen batzordeak haurrendako jolasekin batera pilotari profesionalak ere izanen baitira. Larunbatekoa parranda eguna da, baina korrika proban parte hartuz hasiko dute askok. Bertso-poteoak herri bazkariari segida eman eta bazkal ondorengo kantu-jirak eta kalejirak dantzaldira bilduko ditu altsasuarrak eta bisitariak. Ordu txikiak arte luzatuko dute askok parranda.

Domekan feria egun handia izanen da. Ferialeku kalean Pirinioetako behien eta latxa ardien erakusketak izanen dira. Aurrenekoetatik 51 buru eta bigarrenetatik 10 arsaldo. Zaldi-azienda, berriz, Zelai kalean izanen da. Lehiaketara 55 buru aurkeztu dira. Eta gainera, azokan beste hainbat buru izanen dira. Ohi bezala, Gartzia Ximenez, Foru plazan eta Otadiko kristo deuna plazan artisauen eta nekazarien postuekin batera, lehen sektoreko makineria ikusgai izanen da, guztira 80 postu. Bisitariek haietan begiratuz gero  patea, eztia, babarrunak, ogia, pastelak, gazta, kontserbak, txistorra, taloak, txokolateak, hestebeteak, eta abar opatuko dituzte.


Egitaraua
Lastailak 14, ostirala
18:00etan Txupinazoa, haurrendako jolasak eta txokolate-jana, Foru plazan. Antolatzen du: Peñen batzordea.
22:00etan Pilota profesional jaialdia: Mendizabal III.-Zabaleta-Elezkano II-Errezusta. Ezkudia-Retegi bi.
22:00etan Gaurkotasuneko zinema: Florence Foster Jenkins.

Lastailak 15, larunbata
11:00etan Altsasuko ferietako ikastetxeen arteko XXXVII. Krosa. Irteera: Foru plaza. Antolatzailea: Dantzaleku Sakana Kluba.
12:00etan IX. Onddo Lasterketa. (ez lehiakorra). Irteera: Foru plaza. Antolatzen du: Dantzaleku Sakana Kluba.
12:30ean Bertso poteoa Julio Sotorekin eta Eneko Lazkozekin. Irteera: Foru plaza. Antolatzen du: Euskal Herrian Euskaraz taldeak, Mankomunitatearen laguntzarekin
14:30ean Peñen bazkaria.
16:30ean Kafea, elkarpoteo eta merienda, peñekin.
16:30ean Piriniotako Artzakurren XII. Topaketa. Baratzakobide plazan. Antolatzen du: Espainako Piriniotako Artzakurren Kluba.
18:00etatik 19:00etara Kantujira, Santu Jacu folk taldearekin, Foru plazatik. Taldea Oroseiko da (Sardinia). Antolatzen du: Erkudengo Ama Abesbatza.
19:30etik 22:00etara Dantzaldia Trikitins taldearekin, Foru plazan.
Japoniar bonbak, Foru plazan.
20:00etan Peñen jaitsiera Foru plazaraino.
22:00etan Zezensuzkoa, Foru plazan.
00:00etatik 2:30era Dantzaldia Trikitins taldearekin, Foru plazan.  

Lastailak 16, domeka
9:00etatik 14:30ean Diana Altsasuko txistularien eskutik.
    Zaldi lehiaketa eta sarien banaketa, Zelai kalean.
    Zaldi azoka, Zelai kalean.
    Ardi latxen erakusketa, Ferialeku kalean.
    Pirinioetako behi erakusketa, Ferialeku kalean
    Nekazaritzako elikagaien azoka, Gartzia Ximenez kalean eta Foru plazan.
    Erreminten eta makinen erakusketa, Otadiko Santokristo inguruan.
    Azoka txikia (arropak, oinetakoak…), Baratzakobide plazan.
    Mikologia erakusketa Labadero eraikinean. Antolatzen du: Altsasuko Mikologia Elkartea.
    XXX. Argazki rallya. Antolatzen du:  Altsasuko Mendigoizaleak
    Sakanako V. Arte Azoka. Iortia Kulturgunean. Antolatzen du: Artebide Taldea.
10:00etatik 13:30era Ibilaldiak zaldiz, txikiendako, Zubeztia Plazan.
12:00etatik 14:00etara Kalejira Sakaranga txarangarekin.
18:30tik 19:30era Enrike Zelaiari omenaldi kontzertua: Orosz Zoltán eta Kornél Horváth, Iortia Kulturgunean.
19:30etik 21:30era Musika animazioa, Ken bat taldearekin, Foru Plazan.
20:10ean Gaurkotasuneko zinema: Florence Foster Jenkins.
21:30ean Zezensuzkoa, Foru Plazan.

Oharrak
Zezensuzkoa. Zezensuzkoan parte hartzea erabat borondatezkoa da. Gomendatzen da arduraz jokatzea eta segurtasun-tartea gordetzea. Udalak ez du bere gain hartuko zezensuzkoak pertsonei eragindako kalteak, ez eta jantzietan eragindako kalte materialak ere, besteak beste.

Ganadu azokan ezinbestekoa da arduraz jokatzea, azokako animaliengandik segurtasun-tartea gordez.  Udalak ez du bere gain hartuko pertsonei eragindako kalteak, ez eta kalte materialak ere.

Ferietan ere berdin: etxeko eta familiako ardurak denondako. Ezezkoak ezetz esan nahi du beti. Erasorik ez.