Amiantoak kaltetutakoen elkartea jendaurrera

Guaixe 2016ko urr. 17a, 08:13

Asteazkenean, 17:30ean, Altsasuko Gure Etxea eraikinean izanen da eratze bilera. Amiantoarekin eta bestelako gai arriskutsuekin lan egin duten pertsonak gonbidatu dituzte.

Azaroa akaberan hasi ziren biltzen amiantoarekin lan egin eta kaltetutakoak. Hainbat bilera egin dituzte ordutik eta iritsi da amiantoak kaltetuen Nafarroako elkartea sortzeko garaia. Eratze batzarrean Nafarroako elkarteko zuzendaritza aukeratuko da. Elkartearen sustatzaileen iritziz, amiantoak eragindako gaitzen ondorioei elkarrekin aurre eginda helburuak lortzeko aukera gehiago izanen dituzte. Izan ere, “inongo babes neurririk gabe aritu ginen amiantoarekin lanean”.

Elkarte berria sortzeko prozesuan Euskal Autonomia Elkarteko amiantoak kaltetutakoak biltzen dituen Asvimiae elkarteko Jesus Uzkudunen laguntza izan dute. Hark gaztigatu duenez, amiantoa erabili duten enpresek hura erabili duten langileen zerrendak osatu behar dute. “Batzuetan ez da betetzen edo ez dira amiantoarekin lan egin duten langile guztiak agertzen. Beraz, norbera arduratu behar da zerrenda horretan dagoela ziurtatzeaz. Horrek gaitzak justifikatzen laguntzen du”. Horretarako, Lan Osasunerako Institutura jo beharra dago. Uzkudunek gaztigatu zuenez, “lanetik eratorritako gaitzek ez dute epe mugarik” eta bere senarraren lanerako jantziak garbituz gaixotutako 81 urteko emakumearen adibidea jarri zuen.