Onddo lasterketa bikaina

Guaixe 2016ko urr. 18a, 12:16

386 partaidek eman zuten izena Onddo Lasterketan eta Onddo paseoan. 37. Eskola Arteko Krosean, berriz, 86 neska-mutiko aritu ziren

Fresko baina eguzkitsu esnatu zen larunbata. Dantzaleku Sakana atletismo klubak antolatutako 9. Onddo Lasterketa ez lehiakorrean aritzeko luxuzko eguna. Eta hala izan zen, arrakastatsua izan baitzen lasterketa. Iazko urteko bideari jarraituz, 14 urtetik gorakoek 5 euroko inskripzioa ordaindu zuten, bildutakoa Josefina Arregi Klinikaren Lagunak elkarteari emateko.

Goizeko 11:00etan hasi zen 37. Eskolarteko Krosa. Aurrebenjamin mailatik hasita kadete mailaraino, guztira 86 neska-mutiko lehiatu ziren, giro bikainean, Altsasuko Foru plaza eta Zubeztia plaza artean burutu ziren probatan.

11:30etarako oinezkoendako paseoan parte hartzekoak zirenak prest zeuden plazan. Izan ere, askok Josefina Arregi Klinikaren Lagunak elkartearen aldeko ekimenean parte hartu nahi zuten, baina korrikako proba ez lehiakorrean parte hartzeko ez zuten bere burua gai ikusten. Horretarako antolatu zuen oinezkoendako aukera Dantzaleku Sakana klubak. Onddo lasterketako ibilbide bera zen, baina alderantzizko noranzkoan, oinezkoak eta korrikalariak elkarren artean traba ez egiteko. Eta 12:00etan atera ziren 9. Onddo Lasterketa ez lehiakorrean (6,5 km) parte hartu zuten korrikalariak. Onddoak ateratzen diren eta haritzez beteta dauden txoko bikainetatik pasa ziren: Otaibarren, Zamarretako zubia, San Pedro, Txanponazpi, Basoitxi, Otadia…

Bukatzerakoan oinezkoak eta korrikalariak, guztiak bildu ziren Altsasuko feriak zirela eta, beteta eta giro ederrarekin zegoen Foru plazan. 14 urtetik gorako 386 pertsonek eman zuten izena guztira. Kopuru horri paseora gehitu ziren neska-mutikoak gehitu behar zaizkio, eta 37. Eskolarteko Krosean aritu ziren 86 haurrak. Beste behin, arrakastatsua izan zen geroz eta herrikoiagoa den proba. Ez lehiakorra denez, ez da ez klasifikaziorik egiten ez denborarik hartzen. Korrika edo paseoa eginez gure txoko ederretatik barna goiza polita pasatzea eta atletismoa sustatzea, hori da helburua, emakumeei, bereziki, bertan aritzea animatuz. Eta lortzen ari da, parte hartzaileen erdia baino gehiago emakumeak baitziren. Horregatik, guztia ongi joan zelako eta Josefina Arregi Klinikaren Lagunak elkarteari lagundu izanagatik, kontentu daude Dantzaleku Sakanakoak.

14 urtetik gorakoek onddo eguneko kamiseta jaso zuten eta Altsasuko feriekin lotutako produktuez osatutako 100 lote inguru –patea, txistorra, gazta, kontserbak, Zaldi ibilbideak, bazkariak, oinetakoak, tabernen sariak…– zozketatu ziren. Jakina, sari preziatuena zozketatutako 3 onddo saskiak izan ziren. Eider Tiscar, Jorge Prieto eta Juan Carlos Gomez izan ziren zortedunak. Hurrengo urtean gehiago.