Unai Mugika: “Altsasuko zirkuitua berreskuratu nahi dugu”

Maider Betelu Ganboa 2016ko urr. 21a, 13:04

Nerea Mazkiarenek utzitako argazkia

Motoclub Urbasa Kirol Klubeko presidentea

1. Motoclub Urbasa Kirol Kluba sortu duzue, nolatan?
Lehen Motoclub Urbasa taldea zegoen eta Altsasun motorrean ibiltzeko zirkuitua bazegoen. Baina zirkuitua erabiltzez utzi zen eta taldea ere bere horretan geratu zen. Motorrean ibiltzen garen pilotu batzuk berriro taldea martxan jartzea erabaki dugu. Motoclub Urbasa Kirol Kluba sortu dugu, eta estatutuak egin ditugu taldea legala izateko.  

2. Eta zertarako?
Besteak beste, lehengo zirkuitua martxan jartzekoa. Izan ere, bakoitza bere kabuz ibiltzen gara entrenatzen, ahal den tokian eta moduan, handik eta hona mugitzen. Behin bizpahiru gidari elkartu ginen eta pentsatu genuen: “zergatik ez gara saiatzen zirkuitua berriro martxan jartzen?” Dermaun dago zirkuitua, Mendiaundin, eta 3 hektarea inguru hartzen ditu. Honakoa zirkuitua martxan jartzeko egiten dugun hirugarren saiakera da.

3. Zenbat zaudete taldean?
40 inguru. Gehienak motorrean ibiltzen garen pilotuak gara eta baita motor gidari gaztetxoen gurasoak. Pilotu gazteena 16 urteko neska bat da eta pilotu helduenak 44 urte inguru izango ditu. Motokrosa, enduro, cross country… eta halako motoziklismo modalitateetan ibiltzen gara.

4. Helburua, hortaz, Altsasuko lehengo zirkuitua berreskuratzea da.
Bai. Lehenago martxan egon zen zirkuitua; makina bat lasterketa antolatu izan ziren bertan. Legala zen, Udalarena. Ez zuten itxi; erabiltzez utzi zen eta horrela egon da, erabili gabe, 10 urtetik gora. Udaleko herri lurra da eta azkenaldi honetan abeltzain batek zuen lur horiek beste batzurekin batera erabiltzeko baimena, azienda sartzeko.

5. Zirkuitua zabaltzeko bide horretan zein prozedura bete duzue?
Lehenik eta behin, kluba sortu dugu. Bestetik, Altsasuko Udalera jo genuen eta esan ziguten, hasteko, abeltzainari baimena eskatu behar geniola. Hala egin genuen, berak idatziz zirkuituaren eremua erabiltzeko baimena eman zigun eta horrekin Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamendura jo genuen, zirkuitua martxan jartzeko baimena eskatzera.

6. Gobernuaren baimena jaso duzue, ezta?
Bai, baimena eman digute baina hainbat baldintza eta bete behar eskatu dizkigute: uren kanalizazioa egitea, zirkuitua guztiz itxia egotea, hesituta, sarbidea kontrolatuta egoteko… 40 kide inguruk erabili ahal izateko baimena eman digute. Zirkuituaren arduradunak edo titularrak gu izango gara, Motoclub Urbasa kirol klubekoak, atea itxita egongo da, eta sartu nahi duenak gurekin jarri beharko du harremanetan. Jakina, zirkuituan sartzeko kirol lizentzia izan beharko dugu, federatuak egon beharko dugu, aseguratuta. Zirkuitu guztietan egiten den bezala.

7. Zirkuitua martxan jartzeko egin beharreko lan horiek egiteko lizentzia Altsasuko Udalak eman beharko dizue, ezta?
Bai, lizentzia hori jasotzeko zain gaude, zirkuitua prestatu ahal izateko. Nafarroako Gobernuak 3.000 euroko fidantza eskatu digu, eta horri lanak egiteko aurrekontua gehitu behar zaio eta obren lizentzia. Makinak sartzea, hesitzea, kanalizazio lanak… askotxo izango da. Ildo honetan, Udalarekin eta Ingurumen Departamentuarekin hitz egin nahi dugu. 40 bazkidek kostu hori guztia gure gain hartzea gehiegi iruditzen zaigu. Azken finean, zirkuitua Altsasuko Udalaren jabetza da, ez da gurea. Dantzalekuko pistak edo futbol zelaia egin zirenean uste dugu zerbitzu horiek kudeatzen dituzten klubek, Dantzaleku Sakana klubak eta Sociedad Deportiva Alsasuak, ez zutela lanen lizentzia, hau da, obren %10a ordainduko. Ezinezkoa da klub batendako. Finean zirkuitua Altsasuko beste kirol-zerbitzu bat izango da, eta guk obren lizentzia ordaindu behar izatea ez zaigu ongi iruditzen. Udalarekin bilduko gara gaiaz aritzeko eta guztien artean adostasun bat lortzeko.

8. Zirkuitu hau entrenamendurako izango da? Ez dira lasterketak egingo?
Zirkuituan entrenatzeko baimena jaso dugu, ez lasterketak antolatzekoa. Ildo honetan, motorzale asko ari dira gugana hurbiltzen, zirkuitua erabili ahalko duten galdetzeko. Zirkuitu askotan kopuru bat ordaintzen duzu eta egun osoa eman dezakezu bertan entrenatzen. Gu ez gara talde itxi bat, edonor hurbildu daiteke gugana, baina 40 motorzaleendako baimena eman digute soilik eta dagoeneko kopuru hori bagaude. Administrazioarekin bildu beharko gara, erabilpenaren inguruan adostasun batera heltzeko. Finean, gu izango gara zirkuituko arduradunak; hori baino kontrol gehiagorik?

9. Noizko aurreikusten duzue martxan egongo dela zirkuitua?
Ez dakit esaten. Baimen kontuak mantso joaten dira, prozesua luzea da. Uda honetarako baimena izatea espero genuen, makinak sartu ahal izateko, neguan ezinezkoa baita, baina lasai asko hurrengo udan jarriko gara.

10. Motorrak mendian ibiltzeak ez du prentsa ona. Bideak apurtzen direla,  arriskua sortzen dela… Zirkuituarekin hau guztia konponduko da?
Gu ez gara motorzale guztiek egiten dutenaren arduradunak. Badago zirkuituan ibiltzea gustuko ez duten motor gidaririk. Eta bizitzaren beste alorretan bezala, motor gidarien artean ere denetarik dago, errespetua duen jendea eta errespetua ez duena. Heziketa kontua da eta gehienetan ongi ibiltzen direnek ordaintzen dute gaizki ibiltzen direnek sortutako liskarrak. Dena den, esan beharra dago gure mendia ez dagoela motorrez saturatuta. Gu Espainiako hainbat probatan aritzen gara eta argi eta garbi esan behar dugu hemengo basoak ez daudela kaxkartuta edo degradatuta. Nolanahi ere, Motoclub Urbasakoek zirkuituaren alde egin dugu. Gainera, segurtasunaren aldetik, gertukoek uneoro dakite non zauden motorra hartu duzunean eta seguruago da.

11. Sakanan motokros, enduro, cross country… zale asko dago?
Bai, motorrarekiko zaletasuna badago, baina kontua da motor ikuskizun eta lasterketarik ez dagoela. Baina txikitatik kirol hauetan lehiatzen den jende asko dago eta motor zale asko.