Gobernuak klinikarako diru gehiago aurreikusi du

Guaixe 2016ko urr. 27a, 13:42

EH Bilduko Asun Fernandez de Garaialde Lazkano Salaren galderari erantzunez, hala jakinarazi zuen osasun kontseilari Fernando Dominguez Cunchillosek. Nafarroako Gobernuaren aurrekontuaren zirriborroan Josefina Arregi klinikarendako joan den urtean baino 130.000 euro inguru gehiago daude. Beraz, guztira, 1.430.950 euro jasoko dituela aurreratu zuen Dominguezek. Fernandez de Garaialdek alferrik galdetu zion zertan oinarritu ziren igoera hori egiteko. Ikerketa baten ondorioz horrela klinikaren bideragarritasuna eta kalitatea bermatzen ote ziren jakin nahi zuen. Bestetik, klinika osasun sistema publikoan sartzeko eskatu zuen: “ez erreskate moduan; sistema publikoan ezinbestekoa delako eta halakorik ez dagoelako baizik”.

Aita Barandiaran klinikatik lehenik eta behin diru ekarpena handitzea eskertu dute. Orain diru horrekin zer egin daitekeen baloratuko dute.

Bestalde, Alzheimerrari eta dementziei buruz Osasun Departamentuaren estrategiez eta horretan osasun publikoaren paperaz ere galdetu zuen Fernandez de Garaialdek. Dominguezek aurreratu zuen Alzheimerrari buruzko ikerketa egiteko asmoa duela Departamentuak. Diagnosia egin ondoren neurriak zehaztuko direla esan zuen.