Adinduen egoitzen eredu berriak Altsasun aztergai

Guaixe 2016ko urr. 28a, 09:06

Gobernuak antolatutako jardunaldi batean izan zen. Sakana hartzen duen Nafarroa ipar-mendebaldean adinduendako plaza gutxien duen eskualdea da.

Aita Barandiaran adindutakoen egoitzak mende laurdena bete duela baliatuz, Eskubide Sozialen Departamentuak arreta egoitzei buruzko jardunaldia antolatu zuen Altsasun atzo. Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Nafarroako Agentziak antolatu zuen jardunaldia. Adindutako pertsonei egoitzetan arreta emateko eredu berriez hausnartzeko eta eztabaidatzeko saioa izan zen. Osasunaren Mundu Erakundeak pertsonan zentratutako eredu baten alde egin du eta horretaz aritu ziren. Adinduen egoitzetako eta gizarte zerbitzuen mankomunitateetako ehun bat pertsonak parte hartu zuten jardunaldian.


Ines Frances Roman
Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Zuzendari-Gerentea

Aita Barandiaran egoitzan itxaron zerrenda dago. Hura handitu edo ibarrean beste bat egiteko asmorik duzue?
Momentuz, Nafarroa guztian dauden plazak berregituratzen saiatzen ari gara. Ez dira beharren arabera sortutako plazak izan, udalen ekimenez sortutakoak dira. Une honetan zenbat plaza ditugun, populazioaren zahartzearen eta itxaron zerrenden arabera eskualde bakoitzaren beharrak zein diren aztertzen ari gara, eta eskualdeka behar horiei erantzuna ematen saiatzen ari gara.

Badakigu Nafarroa ipar-mendebaldean adinduendako plaza gutxien duen eskualdea dela. Duguna antolatuta izan arte ez dugu azpiegitura berriak egitea pentsatua. Departamentuaren estrategietako bat plazen kontzertazioa handitzea da. Une honetan egoitza plaza betetzen ari diren pertsona batzuek diru-laguntza jasotzen dute, plaza kontzertaturik ez dugulako. Horrek desberdintasunak sortzen ditu. Beraz, kontzertazioa handituko dugu. Gero dauden beharrak zehaztu eta nola bete ditzakegun sakon aztertuko dugu. Ez da baztertzen eskualde honetan etorkizunean egoitza plaza berriak sortzeko aukera. Ez dakit Sakanan edo non. Beharrak aztertu beharko dira.

Beste apustu bat etxean bertan emandako laguntza da. Egia da erresidentzia premia dagoela. Baina pertsona asko haien etxeetan leudeke oinarri egokiak balituzte.

Eguneko zentroen inguruan gauza bera, ezta?
Bai. Oraintxe eguneko zentro berrien kontzertaziorako aterako da. Hor plaza kopurua handitu nahi dugu. Kontzertatuta ditugun plazak baino zentro gehiago daude. Nafarroako Gobernuarekin kontzerturik ez duten eguneko zentroak sartu nahi ditugu hor, eskualde honetakoak barne: Altsasukoa eta Lekunberrikoa.

Populazioa zahartzen ari denez, Sakanako udalek adinduen egoitzak egiteko interesa azaldu dute.
Bai. Baina zein egoitza eredu nahi dugun ere aztertu behar dugu. Horregatik, jardunaldi hau. Egoitza eredu tradizionalak zaharkituta gelditzen ari direla uste dut. Jendeak orain era autonomoagoan bizi nahi du, nahiz eta beharrak izan. Elkarbizitzako zerbitzu edo unitateak nahiago dira orain. Autonomia eta intimitate handiagoarekin. Agian ohiko egoitza eredua beharrean beste baterantz jo beharko dugu. Hori ongi aztertu behar da, etorkizuna ezberdina izan beharko duelako.