Ihote segizioa Donostian

Guaixe 2016ko urr. 28a, 13:58

Altsasuko ihote segizokoak Etxarri Aranatzen, Bidea 2016ko 19. etapan.

Donostiaren Europako kultura hiriburutzaren barruan garatu diren egitasmoetako bat da 2016 bidea.  Mendizaletasunaren kulturan oinarrituta, Gipuzkoa inguratzen duen luzera handiko ibilbide bat osatu dute mendizaleek igande-igandero. Garilaren 24ko eta 31ko etapak Sakanako basoetan barna egin ondoren, 2016 bidearen azken etapa igandean izanen da: Ulia eta Donostiako Alde Zaharraren artean.

Etapa guztietan inguruko mendi taldeek eta kultur eragileek parte hartu dute. Sakanaren kasuan Dantzaleku Sakana taldeko mendi taldea eta Altsasuko inauteri batzordea izan ziren. Antolatzaileak biekin gogoratu dira eta igandean Donostian mendizaleei prestatutako harreran parte hartzeko eskatu diete. Hala, bi kolektiboetako 55 bat altsasuarrek inauteriaren segizioa osatuko dute. Mendizaleei Zurriolan eginen diete harrera eta Kursaleraino lagunduko dituzte, baina ihote segizioak Bulebarreraino segituko du. 12:00etatik 13:30era arte Altsasuko momotxorroek, juan tranposoak, sorginak, akerra, maskaritak, golda eta beste hainbat pertsonaia Donostia erdialdeaz jabetuko dira.

Inauteri batzordeak Altsasuko neguko ospakizuneko segizioa Madrilen eta Lizarran erakutsi ditu aurten. Gainera, Nafarroako lau herritan hitzaldi bana eman dute.

Erlazionatuak