Beilatokiaren kokapen egokiaren alde antolatuta

Guaixe 2016ko aza. 3a, 18:57

Alde Zaharreko Gurutze Santua kaleko 6. zenbakian beilatokia aurki jartzeko asmoa dago. Albisteak hainbat auzokideren artean kezka eta arbuioa sortu du. Eta azkenean taldea eratu da. Atzo egin zuten aurreneko batzarra eta 30en bat pertsona elkartu ziren. Lehen erabakia hartu zuten: sinadura bilketa abiatzea. Orriak dagoeneko Altsasuko establezimenduetan barna banatzen hasi dira.

Beilatokiaren kontra ez daudela argi adierazi dute Alde Zaharreko auzokide horiek. “Kokapen egokiagoa bilatzea nahi dugu”. Argudiatu dutenez, gaur egun proposatzen den kokapena “maitatutako pertsonendako ez da toki lasaia”. Gaineratu dutenez, ez dago aparkalekurik, ezta lasaitzeko, hitz egiteko gunerik… Azkenik, “kokapen horrek auzokideen egunerokotasuna baldintzatzen” duela nabarmendu dute.