Dantza dastaketa

Guaixe 2016ko aza. 4a, 13:31

Larunbatean, 20:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean.

Dantzaz konpainiak bost pieza koreografikoz osatutako ikuskizuna da Aureo. Dantza estilo ezberdinen dastaketa da proposatzen dena: “dantzan adituak direnak edo dantza ikuskizun bat sekula ikusi ez dutenak aseko dituena”. Hura sortzerakoan bi inspirazio iturri izan ditu konpainiak: antzinako Greziatik artean erabilitako urrezko zenbakia edo proportzio jainkotiarra eta hainbat sorkuntza dastatzeko ideia. Hala, dantza ikuskizunak sorkuntzaren eta ikusleen, kalitate eta gertutasunaren, bikaintasun eta erakargarritasunaren, egile handi eta lan berrien arteko proportzio egokia bilatzen du, ikusle guztien aurrean eta espazio ugaritan.

Ikuskizuna Europako dantzari gazteek gorpuzten dute: Jone Amezaga, Richard de Leyos, Gilles Noël eta John O´Gara. Konpainiak bost koreografo ospetsuekin lan egin du Aureo sortzeko: Itzik Galili, Lukas Timulak, Jone San Martin, Christine Hassid eta Judith Argomaniz. Itzik Galili Casi Humano koreografia prestatu du: “egungo munduan, absurdoa egunerokoa bilakatu da. “Hemen eta orain” dena besarkatzeaz ahaztu eta biharkorako ditugun egitasmoek heriotzarantz gerturatzen gaituzte.” Lukas Timulak Dot to dot koreografiarekin “espazioa eta dantzarien arteko konexioak ikertzen ditu, mugimenduaren dinamikan oinarritua. Konexio-linea eta posizio finkoak irudikatzen ditu, taldearen portaera eta bere partaideak zehaztuz”.

Jone San Martinen koreografia, Jugo (zuku eta joko hitzetatik eratorria), “topaketa eta distantzien bidez sorturiko espazioak zukutu nahi dituen lana da, non dantzariak hartu-emanen jokoan murgilduko diren. Eskaintza bat bezala, eman eta jasotzea, zerbitzatu eta zerbitzatua izatea, partekatutako keinuaren elkarrekikotasuna”. Christine Hassiden Momentum koreografiaren abiapuntua hauxe da: “krisialdiko, bereizi gabeko indarkeriako, hondamendi naturalez beteriko aro honetan zantarra, probokatzailea izan daiteke edertasunaz hitz egitea. Zein da benetako edertasunaren tokia egun?” Judith Argomanizek sortutako piezak Gizon haiek izenburua du: “beraiek, kementsuak, beraiek, indartsuak, gizon zaildu eta nekaezinak. Gizon hauen bizia eta patua itsasoan erabakitzen da.”