Talde sendoa osatzen jarraitu nahi du Altsasuk

Guaixe 2016ko aza. 10a, 13:51

Altsasu erregional mailako taldea, 2016-2017.

Sociedad Deportiva Alsasuak 260 futbolari inguru izango ditu aurten, hainbat kategoriatan. Erregional mailan, proiektuarekin jarraitu eta taldea sendotu nahi dute, etorkizunean helburu zehatzagoei ekiteko

Denboraldiari gogoz ekin dio Sociedad Deportiva Alsasua – Altsasu Kirol Elkarteak (SDA). Futbol atalean, talde guztiak kontuan hartuta, Altsasu taldeetan 260 futbolari daudela aipatu digu SDA-ko futbol koordinatzaile Gorka Paskuak. Makina bat talde dituzte. Gizonezkoetan erregional mailako taldea, jubenilen 2. mailan dabilen jubenilen taldea, kadeteen mailako bi talde, haurren mailako 3 talde, kimuen mailako bi talde, benjaminen mailako hiru eta txikienen taldea, eskola. Eta, emakumeetan bi talde, erregional mailakoa, futbol 11, eta futbol 8 mailakoa, gaztetxoena. “Harrobi ederra dugu. Emakumeen taldeekin zenbakia handitu da eta 260 futbolari inguru ditugu” azaldu du Gorka Paskuak.

Entrenatzaile berria, Peio Goikoetxea
Erregional taldeari dagokionez, berrikuntza nabarmenena entrenatzaile aldaketa da. Peio Goikoetxea da Altsasuko maila goreneko taldearen arduradun nagusia, Iokin Loboren laguntzarekin. “Baja oso gutxi izan ditugu, lauzpabost: Xabi kapitaina, Joel, Cristian, Asier Lorea… eta euren tokia jubeniletatik igotakoek eta Dulantzitik etorritako Joseba Lizarragak bete dute” adierazi digu Paskuak. Lizarragaz aparte, gainontzekoak altsasuarrak dira. “Iazko talde edo bloke ia gehiena mantendu dugu. Talde gaztea da. Aurreko denboraldian esan genuen gure proiektua bizpahiru urtean landu eta garatzekoa zela, proiektu luzea zela. Aurten bigarren urtea da eta ildo horretan lanean jarraitu nahi dugu, talde sendoa osatzeko. Hobekuntza nabaritzen da eta hori da gure helburua, taldea sortzea. Ez dugu igoerarekin obsesionatu nahi, presiorik gabe aritu nahi dugu eta ahalik eta hobekien aritu nahi dugu. Ea lehen bosten artean sailkatzea posible den. Beti jarri behar dira helburuak, eta gure erronka, jakina, erregional mailatik noizbait igotzea da. Baina pausurik pausu joan behar dugu. Momentuz lana egin, hori da gurea. Eta ongi egiten bada, etorriko da bestea” azaldu digu Gorka Paskuak.

Futbol koordinatzaileak gaineratu duenez, taldeko giroa bikaina da eta futbolariak serio dabiltza entrenatzen. “Oso giro ona dute eta Peio ere gustura dabil eurekin lanean. Denboraldiari dagokionez, ongi jokatzen dugu baina golak sartzea kosta egiten zaigu. Akatsak zuzendu behar ditugu, baina hor gabiltza, uneoro aurpegia ematen eta desmotibatu gabe. Taldea topera dago aurten” dio Paskuak. Erregionalean liga oso borrokatua izango dela aurreikusten du Paskuak, eta San Jorge, Ardoi, Lagunak… kokatu ditu faboritoen artean. “Dena den, puntu gutxiko aldea dago taldeen artean. Oso lehiatua egongo da txapelketa” gaineratu du.

Harrobi arazorik ez du Altsasuk. Gainontzeko kategorietan ere ongi doaz gauzak. “Guk  nahi duguna da txikiekin futbola lantzea, haurrak trebatzea. Erregionalean helburuak markatzen ditugu eta lortzen badira esan nahi du gauzak ongi egiten ari garela”. Nafarroako Federazioko txapelketetan lehiatzen dira jubenilak, kadeteak eta haurrak. Kimuak eta benjaminak, aldiz, Sakanako Futbol Topaketetan. Aurten adinka arituko dira. 5. eta 6. mailakoen topaketa, batetik, eta 3. eta 4. mailakoa, bestetik.  

Emakumeen taldea sortzea, lorpen nagusia
Sociedad Deportiva Alsasuaren lorpen nagusietako bat emakumezkoen bi talde sortzearena izan da. Lehendabizi kategoria txikiko taldea sortu zuten, Emakumeen Futbol 8 mailakoa –haurren eta kadeteen maila–, eta aurten emakumezkoen goi mailako taldea sortu dute, Erregionala, Futbol 11koa.

Sakana mailako taldeaz
Emakumezkoekin Altsasuk Sakana mailako taldea osatzea lortu duela esan daiteke neurri handi batean. Eta gizonezkoekin, berdina egin beharko litzateke? Galdetu diogu Paskuari. "Neskekin hori egin dugu, baina mutilekin oso konplikatua da hori egitea. Klubetatik kanpoko norbait egon beharko litzateke hori sustatzen, Mankomunitatea edo dena delakoa, berarena izan beharko litzateke ardura. Baina oso zaila ikusten dut. Klub bakoitzak bere baliabideak eta azpiegitura ditu. Hoberena litzatekeela? Agian bai. Ona litzateke baina gaur egun zaila ikusten dut. Gainera, kluben artean eta klub bakoitzaren barruan ere iritziak ezberdinak dira. Zaila da, baina, akaso, noizbait zerbait egin beharko da, norbaitek aurrerapausua emango balu” erantzun digu.   

Junta berria
Sociedad Deportiva Alsasua – Altsasu Kirol Elkartea tradizio handiko kluba da. 1940-1941 denboraldian sortu zen, eta ordutik futbola, pilota eta txirrindularitza sustatzen ditu, besteak beste. Aurten berritu zen elkarteko junta. Ione Fresneda da presidentea, Carlos Villalobos presidente ordea eta Mañu Navarro idazkaria. Haien egitekoei bokalek egiten duten lana gehitu behar zaie. Gorka Paskua futbol koordinatzailea da.

Altsasuko taldeen entrenatzaileak
Erregionala (Pello Goikoetxea).
Jubenilak: Alonso Dávila eta Julián Sevilla
Kadeteak (2 talde): Javier Riezu eta Esteban Letona eta Xabier Mazkiaran eta Gorka Martinez.
Haurrak (3 talde): Elena Sanchez, Ander Corchero eta Mikel Corchero; Ivan Claver eta Ander Claver; Andoni Barrena eta Gorka Chamorro.
Kimuak (2 talde): Alfonso Castellano eta Xabier Lopez.
Benjaminak (3 talde): Iñaki Cristobal, Aitor Lara eta Eneko Garasa.
Eskola: Iñaki Cristobal.
Emakumeen talde erregionala (futbol 11): Asier Arregi eta Endika Mendinueta.
Emakumeen Futbol 8: Maalen Beraza eta Ane Cantero.

Altsasu gizonezkoen erregionala 2016-2017
Atezainak: Asier Izagirre eta Julen Goikoetxea.
Atzelariak: Mikel Cordero, Yerai Perez de Villarreal, Gorka Martinez, Iker Diaz, Xabier Ormazabal, Jon Artigas, Aitor Lara eta Asier Miño.
Erdilariak: Iokin Lobo, Javi Guisado, Xabier Mazkiaran, Patxi Letona, Esteban Letona eta Darling Geovanny Quezada.
Aurrelariak: Imanol Martinez, Nabil Essobai, Raul Claver, Eneko Garasa, Paulette eta Joseba Lizarraga.
Entrenatzaileak: Peio Goikoetxea eta Iokin Lobo.