Sakanako Mankomunitateak eta Altsasuko Udalak herrian materia organikoa kudeatzeko elkarlan akordioa sinatu dute. Horren arabera, Altsasun 5. edukiontzia, marroia jarriko da. Edukiontzi berriaren ezartze sistemaren zergatiak eta proposamen orokorra azaltzeko informazio kanpaina abiaraziko du Mank-ek astelehenetik aurrera. Bi erakundeek altsasuarrak proiektuarekin bat egitera animatu dituzte.
Astelehen eta astearteko lau informazio bilerez aparte, Baratzeko bide plazan dagoen lokomotora informazio bulegoa zabalduko da. Asteazkenetik, hilaren 16tik aurrera, astelehenero, asteazkenero eta ostiralero 5. edukiontziari buruzko azalpenak jasotzeko aukera izanen da, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Era berean ezarpenari buruzko xehetasuna 900 730 450 doako telefonoaren bidez jasotzeko aukera izanen da. Altsasuko etxe guztietan ere argibide gutuna jasoko da, baina Mank-ena ez den akats bategatik baliteke guztietara garaiz ez iristea.
Helburua
Birziklatze zerbitzuak 25 urte baino gehiago darama martxan. Gaur egun Altsasuko birziklatze tasa %27koa da. Mank-en eta Altsasuko Udalaren helburua da 2018 hasierarako %65era iristea. Nafarroako Hondakinak Kudeatzeko Plan berriak Europako eta nazioarteko legerian jasotakoa errespetatuko litzateke horrela.
Mank-eko buru Aitor Karasatorre Muguruzak azaldu duenez, “gai organikoak ongi bereizten baditugu, zabor poltsa bakoitzaren %40 zabortegira joatea saihesten dugu, CO2 eta negutegi efektuko beste gas batzuk igortzea murrizten dugu eta, energia garbi edo konpost bihurtuta, planetaren iraunkortasuna hobetzen dugu”.