Sakanako hots akustikoak

Guaixe 2016ko aza. 11a, 09:53

Larunbatean, 20:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean.

Berria egunkariak eta Sakanako Mankomunitateak elkarrekin Altsasun, udalaren eta Berrialagun talde baten laguntzaz, kultur emanaldiak antolatzen bost urte daramate. Ruper Ordorika (2012), Gari (2013), Ttantakaren Zazpi aldiz elur ikuskizuna (2014) eta Anari (2015) izan dira orain arte Berriaren ardurapean antolatu diren emanaldiak. Euskal kultura Sakanan zabaltzearekin batera, egunkariak Sakanako eragileekin elkarlanean aritu nahi izan du, batetik, eta Sakanako Berrialagunen komunitatea elkartu eta elikatu, bestetik.

Berriak aurten “urrats bat haratago joan nahi izan du: Sakanako euskal kultura zabaltzen eta sustatzen lagundu nahi du, Sakanan bertan. Horregatik, Sakanan ekoitzitako ekitaldi bat proposatu du Berriak: sakandarrek sakandarrendako egina”. Horretaz aparte, gazteak euskal kulturara lotuko dituen emanaldi bat izatea helburu garrantzitsua bada Berriarendako: gazte sortzaileei tokia emanez, eta gazteek gustukoa izan dezaketen musika eskainiz. Hala, Sakanako musikariekin osatutako kartela prestatu du, kontzertu akustikoa eskaintzeko. Emanaldiak Sakanako hotsak izena du.

Sarrerak Iortia kultur etxean bertan edo Internet bidez  (www.iortiakultura.com webgunean) eskuratu daitezke: Aurretik 7 € (azaroaren 11ra arte) eta egunean bertan 12 €. Berrialagunek deskontua izanen dute. Erosketa aldez aurretik egin nahi badute, sarrerak Berrian eskatu beharko dituzte azaroaren 8a baino lehen eta kontzertuaren egunean Iortiako txarteldegian jaso. Berriak haien kontutik kobratuko die. Egunean bertan erosten badute berrialagun-txartela erakutsi beharko dute txarteldegian deskontua egin ahal izateko (berrialagun bakoitzak bi sarrera erosi ahal izanen ditu gehienez ere deskontua aplikatuta). Sarreretatik jasotako dirua Berria fundazioarendako izanen da.




Musikari parte-hartzaileak

Fran eta Zuriñe
Hesian-ek musika indartsua eta bizia jotzen du. Haizeekin eta neska-mutilen ahotsekin hornituriko pop-rock/punk-rock melodikoa. Hitz sakonak eta konprometituak, borrokalariak, esanahiz beteak eta itxaropentsuak, iluntasunean argia bilatzen dutenak. Taldeak aurten 10 urte egin ditu. Ibilbide horretan 500 kontzertu baino gehiago eskaini ditu eta 5 disko argitaratu dituzte. Hurrengoa, aurki. Fran taldean hasieratik dago eta Zuriñe 2011tik da abeslaria. Biek Hesian-en kantutegiaren ale goxoetako batzuk emanen dituzte dastatzera, disko berrikoren bat barne.

Tximeleta
Eskarmentu handiko musikariak elkartu eta 2000. urtean sortu zen plaza-taldea. Ordutik makina bat dantzaldi girotu ditu. Errepertorio zabala eta anitza dute, euskal doinuetan oinarritutakoa: mexikarrak, kalejirak, fandangoak edota folk doinuak trikiti eta gitarra elektrikoaz uztartuz; pop kantak, rock talde nagusien bertsioak euskaraz eta erdaraz eginez. Diskoa ere karrikaratu zuen.

Hi de bei
Taldea Jorge Cordonek, Manex Alvirak eta Iñigo Muñoak osatzen dute. Ezaguna egin zen taldea Sakana maitia kanta egin zutelako izen bereko ikuskizunerako. Bana kanta bat baino gehiagoko taldea da.

Luisillo Kalandraka eta Lur Larraza
Bi etxarriar. Biak ere eskarmentu handikoak. Aurrena Vendettako baxu-jolea. Alde horrekin ska musikan oinarritutako abestiak, beste hainbat erritmorekin uztartzen ditu. Lurrek sortutako kantuak eta bertsioren bat emanen dute. Memoria historikoaren aldeko hainbat ekitaldietan jo du bikoteak aurten Sakanan.

4nek
Musikan ibilbide luzea duen musikari boskote batek osatzen du taldea. Juanpa Agirrek, Imanol Goikoetxeak eta Joseba San Sebastianek sortu zuten taldea 2014an. Urte bereko garilean Xabi Zubeldia gehitu zen taldera eta aurtengo ilbeltzean azken partaidea batu da taldera, Juanma Urriza “Boli”. Euskaraz abestutako pop-rock doinuak sortu dituzte. Norberak bizi izandakoak eta ilusioak eta gaur egungo bizitzaren kontuak eta beste eraman dituzte letretara.