Emakumeen Altsasu erregionala, bide zuzenean

Guaixe 2016ko aza. 17a, 14:33

Erregional mailako taldea. Beste argazkian, Futbol 8 mailakoa.

Emakumezkoen erregional mailan estreinatu da aurten Altsasu, eta txukun ari dira. Bestetik, kategoria txikikoak, Futbol 8 mailan dabiltzan Altsasuko neskei, multzo gogorrena suertatu zaie baina gora egingo dutela uste dute

Sociedad Deportiva Alsasuaren lorpen nagusietako bat emakumezkoen bi talde sortzearena izan da. Lehendabizi kategoria txikiko taldea sortu zuten, Emakumeen Futbol 8 mailakoa –haurren eta kadeteen maila–, eta aurten emakumezkoen goi mailako taldea sortu dute, Erregionala, Futbol 11koa. “Bi urteko epean nesken bi talde sortu ditugu. Ez daude emakumeen kategoria gehiago. Lan handia izan da sortzea, asko kostatu zaigu. Ordura arte neskak, normalean, haurren mailara arte aritzen ziren eta gero futbola utzi egiten zuten eta gutxi batzuk Agurainera edo beste talde batzuetara jotzen zuten. Baina, lan handia egin ondoren, bi taldeak sortu ditugu. Sakanako neskak dira gehienak, baina Aguraingo emakumezkoen talde desagertu da ere eta bertako neska batzuk gurera etorri dira, erregional mailara” azaldu digu Sociedad Deportiva Alsasuako futbol koordinatzaile Gorka Paskuak, pozik.

Emakumezkoen futbola sustatzeko lana norbaitek egin badu, zalantzarik gabe, Gorka Paskua izan da. Aguraingo futbol taldean eman zituen urte asko, tartean emakumezkoen futbola sustatzen. Altsasura itzuli zen eta bere helburuetako bat lortu du, emakumezkoen futbol taldeak sortzea. “Orain nahi duguna da, kategoria txikietatik nesken futbola sustatzea, neskak euren artean jokatzen jartzea, horrela Futbol 8 talderako harrobia izateko eta gero Erregional talde elikatzeko” gaineratu du Paskuak.

Bidea egiten
Futbol 8 mailako taldean adin ezberdinetako emakumeak daude, 2002an jaiotakoak eta 2007an jaiotakoak. Alde hori nabaritzen da, baina pixkanaka harrobia gehiago bideratzeko modua izango dutela uste du Paskuak. “Bi taldeek denboraldiari gogoz ekin diote. Egia esan, emaitzak, momentuz, ez dira oso onak. Txikiei multzo gogorrena tokatu zaie, talde onenekin batera ari dira, baina nik uste dut Altsasuk gora egingo duela. Gogoa dute, garra… Badakit beste taldeak nolakoak diren eta uste dut gora egingo dutela. Eta Erregional mailako taldea ongi dabil, baina, akaso, bere buruarekiko konfiantza gehiago izatea falta zaie, bere aukerengan gehiago sinistea” gaineratzen du futbol koordinatzaileak.

Erregional mailako taldean, urte asko futbolean aritu gabe futbolera itzuli diren neskak edo areto futbolean aritu direnak daude, eta Paskuak dioen bezala, “futbola desberdina da. Ikusten da taldeko helburuak lortzen ari direla, hobekuntza nabaritzen da. Baina oraindik lan handia dago egiteko. Dena den, oso ongi lan egiten dira” nabarmendu du Paskuak. Koordinatzaileak aitortu duenez, emakumeekin modu ezberdinean egin behar da lan. “Gauzak tentu handiagorekin esan behar zaizkie, euren portaera ulertu behar duzu, euren gainean egon… Ildo horretan, ezberdinak dira neskak” azaltzen du.

Altsasuk Sakanan emakumeen futbola sustatzen jarraituko duela argi du. “Sakanako edozein neskak futbolean aritu nahi badu, etorri dadila gugana. Neska txikiengana iritsi nahi dugu. Izan ere, orain neska txikiak hasten ez badira, aurrerago ez dira egongo eta horrek gure talde nagusiak harrobirik gabe geratzea ekarriko du eta etorkizunean talderik gabe gera gaitezke. Emakumezkoen futbola sustatzen jarraituko dugu eta aurten txapelketa txikiren bat edo antolatu nahi dugu, sustatzeko”.

Altsasu. Emakumezkoen Futbol 8 taldea
Atezainak: Maider Granizo.
Atzelariak: Naroa Barriola, Ainhoa Agirre, Saioa Sayas,
Erdilariak: Udane Bergara, Aida Sanchez, Jone Apaolaza, Aintzira Arretxe, Nahia Lopez de Goikoetxea, Nahia Moran eta Ekiñe Agirre.
Aurrelariak: Maddi Mariñelarena, Nerea Arellano eta Iraide Bergara.
Entrenatzaileak: Maalen Beraza eta Ane Cantero.

Altsasu. Emakumezkoen Erregionala (Futbol 11)
Atezaina: Izaskun Ruiz de Egino.
Hegalak: June Garcia de Albeniz, Ana Gonzalez, Esther Ondarra, Saioa Escudero, Ekiñe Razkin, Maider Cruz, Maider Amama, Janire Lopez, Mirentxu Goikoetxea, June Leza, Maialen Ijurra eta Ioana Lopez.
Erdilariak: Sandra Gasco, Alicia Elizalde, Irati Iriarte, June Alzelai, Aroa Cerezo, Ane Lizarraga, Edurne Alonso eta Maalen Beraza.
Aurrelariak: Irati Igoa, Amets Oteiza (hegalean ere) eta Sonia Alonso.