Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuko Beñat Agirre Bengoetxea izanda asteleheneko eta astearteko hitzaldietan argibideak eman dituenetako bat. Berak azaldu duenez, bi erronka nagusi atzeman dituzte Altsasun. Batetik, materia organikoa kudeatzeko bidea ematea. “Hori, gehienbat, 5. edukiontziaren bitartez izanen da.
Altsasun beste erronka da hondakinak ongi bereizteko informazioa banatzea. Horren inguruan hitzaldietan bi grafiko argigarri azaldu dituzte: edukiontzi berdean soilik birziklagarria ez dena %20 da; gainontzekotik materia organikoa %40 da eta gainerako %40 beste edukiontzi batzuetan egon beharko luke. Edukiontzi horian jasotzen diren hondakinen erdia soilik dago egon beharko lukeen tokian. “Horrek erakusten digu beharrezkoa dela informazioa ematea, jendeak edukiontzi bakoitzean zehazki zer bota behar den jakin dezan”. Horren arrazoiaz galdetuta Agirrek azaldu du hondakinak banandu nahi ez duten batzuk egon daitezkeela, baina, kasu askotan, zer-non bota behar den ezjakintasuna izanen dela azaldu digu.
Materia organikoaz
Etxeetan sortzen diren hondakinen %40 edo zerbait gehiago da materia organikoa. “Dena ongi eginda ere, materia organikoa ez badugu banatzen oso zaila da birziklatze tasa asko handitzea”. Auto eta auzo konposta egiten duten altsasuarrak badaude dagoeneko. “Orain aukera hori zabaldu nahi dugu. Konposta egiteko aukera eskainiko dugu, baina erronka nagusia da materia organikoa banatzen hasteko 5. edukiontzian ahalik eta jende gehienak izena ematea”.
Agirrek aurreratu duenez, Nafarroan sortzen den hondakin kopuruaren arabera ordaintzeko proposamena aurki jarri daiteke indarrean. “Berdin jarraitzen badugu hondakinengatik ordaintzen dugun tasa pixkanaka handitu eginen da”.
5. edukiontzia
Agirrek azaldu digunez, ezarpenari buruzko ideiak dituzte, baina informazio prozesuan jasotako iritzien arabera haiek moldatzeko aukera dago. Hala ere, argitu digu edukiontzi berri marroiak egungoen ondoan egonen direla. “Bosgarren edukiontzia itxia izanen da. Bertan hondakinak botatzeko jendeak izena eman beharko du eta hura zabaltzeko giltza jasoko dute. Zergatik itxia? Bereizten den materia organiko hori ongi bereiztua egotea nahi dugu. 5. edukiontzi irekia jarri duten tokietan han egon beharko ez luketen %20-30 inguru hondakin daudelako. Gure asmoa da 5. edukiontzian jasotakoa Sakanan eginen den konpostatze plantara eramatea. Horregatik, ahalik eta kalitate oneneko materia organikoa jaso nahi dugu”.
Mank-eko langileak gaineratu duenez, hondakinak edukiontzira poltsa konpostagarrietan bota beharko dela materia organikoa. “Txukunago izateko. Poltsa horien banaketa ez dugu guztiz zehaztu”. Edukiontzia Altsasuko kaleetan ikusteko bospasei hilabete pasako direla gaztigatu Agirrek.
%27tik %65era
2017ko abenduaren 31rako Altsasun hondakinen bereizketa maila hori lortu nahi da. Jauzi hori Altsasuko Udalak eta Mank-ek adostu dute. Nafarroako eta Europako legediek ezartzen duten %50eko kopurua gainditzen da eta Sakanako gainontzeko herrien %80ra gerturatzen da. Europako legedia betetzen ez duenak, isunak jasotzeko arriskua izanen du etorkizunean, hori nola bideratuko den oraindik ez badakite ere.