Sukaldari eroen txanda

Guaixe 2016ko aza. 18a, 14:12

Larunbatean, 20:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean.

Gag sorta etengabea, umore ugari, hitzik ez, onomatopeia ugari, musika eta soinu efektuak. Hitz pare batean laburtuta: keinu antzerkia. Chef antzezlanarekin Yllana konpainiak sukaldaritzari begirada dibertigarria eskaintzen dio. Itzal handiko sukaldari bat da protagonista. Inspirazioa galdu du eta jatetxeak dituen izarrei eusteko errezeta berri bat sortu beharko du. Horretarako,  itxuragabeko talde bat du aldamenean.

Ikuskizunak sukaldaritzaren hainbat alor erakutsiko ditu: jaten ditugun jakiak, elikatzen gaituzten animaliak, egoak, sukaldarien arteko lehia… Eszenografia eta atrezo irudimentsuaren bidez istorioa gertatzen diren zortzi tokiak irudikatuko dira. Zentzugabeko egoerak ugari jokatuko dira haietan. Guztia Yllanaren umore lapikoan prestatuta, ikuslea barrez bor-bor has dadin.  

Fitxa:
Arte zuzendariak: David Ottone, Fidel Fernandez.
Antzezleak: Cesar Maroto, Carlos Jano, Ruben Hernandez, Susana Cortes, Antonio de la Fuente.