Apustua Jauregirendako eta Kañamaresendako

Guaixe 2016ko aza. 21a, 16:23

Arkaitz Jauregi aizkora lanetan, Nazabal eta Zubiaga alboan dituela. Argazkia: A.Sistiaga.

Tolosan jokatutako apustuan 21 segundoko aldea atera zioten Arria V.ari

Igandean, Tolosako zezen plazan, apustu bikaina jokatu zen. Batetik, Altsasun bizi den Arkaitz Jauregi eta Julen Kañamares nafarra, eta, bestetik, Xabier Orbegozo Arria V.a. 1.300 ikusle batu ziren neurketa zuzenean ikusteko. Arriak 20 kana-erdiko ebaki behar zituen eta ondoren 20 kilometro korrikan egin. Eta Jauregiren eta Kañamaresen kasuan, batek 10 kana-erdiko ebaki behar zituen, eta ondoren besteak 10 kana-erdiko ebaki eta 10 kilometro korrikan egin. Falta ziren 10 kilometroak, berriz, aurrena aizkoran aritu zenak egin behar zituen. Julen Kañamaresek ekin zion lanari, Arriarekin batera, eta gero Jauregik hartu zuen bere lekua. Arriak Iruntxiberri eta Txapartegi izan zituen laguntzaile, eta Jauregik eta Kañamaresek, aldiz, Floren Nazabal eta Zubiaga. Alde bakoitzak 8.000 euro jarri zituen dirutan.

Ikusleek apustu ikusgarriaz gozatzeko aukera izan zuten, azken unera arte ez baitzegoen argi nork irabaziko zuen. Azkenean, Kañamares III.ak eta Jauregik irabazi zuten, bi ordu pasa lanean eman ondoren (2:12:33). 50 metroko tartea besterik egon ez zen irabazleen eta Arriaren tartean, errezildarra 21 segundora sartu baitzen (2:12:54). Hustuta bukatu zuten, Arria V.ak bereziki.