Bake eta bizikidetza arloan jarduerak aurreikusi dituzte

Guaixe 2016ko aza. 22a, 15:40

Nafarroako Gobernuak eta Altsasuko Udalak lankidetzan eginen dituzte.

Altsasuko Udalak eta Nafarroako Gobernuak bakearen eta bizikidetzaren arloan ekimenak nahiz jarduerak antolatuko dituzte. Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok eta Javier Ollo alkateak bi erakundeen arteko lankidetzarako aukerak aztertu zituzten ostegunean. Bileran Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusi Alvaro Baraibar izan zen ere. Bilkura hori Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Toki Erakundeen programaren barnean sartzen da. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren laguntzarekin martxan jarri da programa hori aurten. Beren helburua toki-erakundeak bakearen nahiz bizikidetzaren ekintzetan inplikatzea da (hitzaldiak, foroak eta ekintza zehatzak, esaterako); diagnostikoak eta bizikidetza-planak egitea, edo alor horretan lantalde egonkorrak sortzea.

Ollok adierazi zuenez, programan parte hartzea tresna garrantzitsua da irekiera, sentsibilitate, errespetu eta akordiorako borondatearen jokabide demokratiko bat garatzeko eta sendotzeko garaian. Horretarako, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak zenbait tresna eta baliabide prest ditu. Alde batetik, aholkularitza teknikoa eta elkarrekin lan egiteko aukera Memoria Historikoari, Duela Gutxiko Memoriari eta Bizikidetzari lotutako diagnostikoak, planak, programak eta ekimenak prestatzeko orduan. Bestetik, Nafarroako toki-erakundeetarako laguntzen deialdia egitea urtero Bakearen eta Bizikidetzaren arloan jarduerak egite aldera. Horrekin batera, Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko ekitaldi, foro, ekintza eta kanpainen antolaketan eta finantzaketan parte hartzea. Gainera, Udaleko korporatibo eta teknikariak gaitzeko eta trebatzeko ekintzak Memoria Historikoari, Duela Gutxiko Memoriari eta Bizikidetzari lotutako gaietan. Azkenik, Bakearen eta bizikidetzaren aldeko lantaldeen sorrerari laguntza teknikoa ematea.

Ollok eta Baraibarrek bisita baliatu zuen Altsasuko Udalari eta Altsasuko herriari bere babesa emateko.