Gurutze Sainduko kaleko 6. zenbakian beilatokia egokitzeko lanak hasi direla eta, altsasuar talde batek bere kokapenarekin desadostasuna berretsi du. Herri barruan hiru gela izanen dituen beilatokia eraikitzea ez dute “ez egoki ez aproposa” jotzen. Beste kokapen bat eskatzen duen altsasuar taldeak nabarmendu duenez, “beilatokia kokatuko den kalean aparkatzeko tokirik ez dago, auzoan aparkatzeko arazoak daude”. Proposatutako kokapenaren ondoan toki zabalik ez dagoela eta beraz, hara doazenak “lasaitu, erlaxatu, hitz egin eta abarrerako tokirik ez dutenez, errepidera aterako dira”.
Beilatokiak bi gastronomia elkarteren ondoan legokeela eta haietan festa giroa izaten dela nabarmendu nahi izan dute. Eta, gaineratu dute, Foru plazatik gertu dagoela, “herriko ospakizunen tokia da, musika, zarata, iskanbila…” Ospakizun egunetan Alde Zaharra trafikorako ixten dela eta halakoetan aparkatzeko tokiak murrizten direla gaztigatu dute. Horrekin batera, autoek harrapatutako hiru haurren kasuak gogora ekarri dituzte.
Kokapenak ingurukoen eguneroko bizitza baldintzatuko lukeela adierazi dute, hainbat adibide emanez: “haurrak kalean jolastea, musika entzun, umeekin ikastetxeetara joatea eta beste aspektu asko. Auzokideak kalera aterako diren bakoitzean hildakoaren senideekin eta lagunekin topo eginen lukete; etengabe haien minarekin elkar bizitzera behartuta leudeke”.
Beilatoki baten kokapenak berez “ezinegona eta arbuioa” sortzen dituela diote, “horregatik, ez dugu egoki ikusten herri barruan kokatzea”. Azkenik, plazaratu dute kudeaketa pribatuko beilatokia beharrean udal edo eskualde mailakoa zergatik ez daitekeen egin. Argudio horiek udalean ordezkaritza duten taldeei jakinarazi dizkiete.