Udalak ibilgailuendako parking berria jarriko du

Guaixe 2016ko aza. 24a, 19:39
Auto bat Kale Txikiko aparkalekua izanen denaren paretik pasatzen.

25 ibilgailuendako tokia izango du eta Kale Txikitik izango du sarrera-irteera.

Altsasuko Udalak ibilgailuendako parking berria prestatuko du Altsasuko 4. poligonoko 563. eta 565. lursailetan. Honekin, herritarren eta komertzio txikiaren aspaldiko eskaerei erantzun nahi die Udalak.

Berriki San Juan kaleko eraikin bat erautsi dute haren lurjabeek, garai bateko Lurrun Makina taberna zegoen etxebizitza, hain zuzen. Lurjabeek ez dute epe motz eta ertainean bertan etxebizitzarik jartzeko asmorik, eta horren jakitun, Udalak lursail horren erabilera Udalari uzteko eskaera egin zien lurjabeei, ibilgailuak aparkatzeko parking batera bideratzeko. Lurjabeek baiezkoa erantzun zuten eta, horrela, bi aldeek hitzarmena sinatu dute. Horrela, Udala izango da parkinga atontzeko egin beharreko lanak egin eta lanak bere kargu hartuko dituena. Zesioaren gutxieneko epea 3 urtekoa izango da eta zesioa luzatzeko aukera izango da epea gainditzerakoan. Kontraprestazio moduan, lurjabeek ez dute bi lursailen kontribuzio tasarik ordaindu behar izango.

Aurreikusten da etorkizuneko parking berriak 25 ibilgailurendako tokia izango duela; horietako bat ezgaitasuna duten pertsonendako izango da. Parkingera sartzea eta ateratzea atzetik, Kale Txiki kaletik izango da. Parkingak San Juan kalera ematen du, eta alde horretan lursailen lurjabeek pareta bat jasoko dute, baita parkingera doazen oinezkoendako sarbide bat ere.

44.770 euro
Parkinga atontzeko Altsasuko Udalak egin beharko dituen lanen artean, euri urak bideratzea, lurra zolatzea, lau farola jartzea eta aparkalekuko 25 plazak margotzea izango da. Udalak aurreikusten du lanek 44.770 euroko aurrekontua izango dutela, BEZa barne.  

Altsasuko udalak aurreko ostiraleko osoko bilkura berezian onartu zuen aipatu parkinga egiteko aurrekontu aldaketaren txostena eta kolaborazio hitzarmena. EH Bildu proiektuaren aldekoa zen, baina bozketan abstentzioaren alde egin zuen, aparkalekuko sarbideekin ez zeudelako ados.

Zelandikoa
San Juan eta Kale Txiki arteko parking berria Altsasuko Udalak azkenaldian sortzen duen bigarren parking probisionala da. Aurreko legegintzaldian Zelandi ikastetxearen eta Osasun Etxearen artean parking publiko probisionala atondu zuen Udalak, 47 ibilgailuendako tokia duena. Orduan, Construcciones Alzate enpresarekin egin zuen lankidetza hitzarmena Udalak, sektorearen garapen urbanistikoa hasi arte luzatuko dena.