Bakardadea keinu bidez azalduta

Guaixe 2016ko aza. 25a, 14:04

Larunbatean, 20:00etan Altsasuko Iortia kultur gunean.

Kulunka teatrok Solitudes lanarekin maskara antzerkiaren erakusgarri bikaina eskainiko digu bihar. Hitz bakar bat esan gabe, keinu antzerkiaren magiaz, dena adieraziko baitu Kulunkak. Umorearen bidez familia bateko kideen bakardadean eta inkomunikazioan sakontzen du antzezlanak, bakardade moduak agerian utziz.

Aitona da protagonista eta bere sentsazioa da ez dutela ulertzen. Bizitza itxarote huts gisa bizi duten adindu gehienek bezala, gauza sinpleak baino ez ditu nahi. Gauza hain sinpleak, zeren ingurukoak ez baitira haien garrantziaz ohartzen. Bizitzan pizgarririk ez duen pertsonengan espero litekeenaren kontra, aitonak ez du etsiko, ez die bere desiratxoei uko eginen eta haiek lortzeko, temoso eta duin, borroka eginen du. Horrek berarendako eta ingurukoendako ondorioak izanen ditu.

Agure alargun bat, semea, biloba eta bere semea aurrera aterako badu gorputza kalean saltzera behartuta dagoen emakume bat dira obrako pertsonaia nagusiak. Belaunaldien arteko inkomunikazioa nagusi den gizarte batean, zein bere aldetik ez itotzen saiatzen da, non batzuetan arreta konpainiarekin nahasten baita. Garbiñe Insausti, Jose Dault eta Edu Carcamo Iñaki Rikarte zuzendariaren esanetara jokatuko dute antzezlana.