Sexu indarkeriaren kontrako plangintza diru-laguntzarekin aurrera atera da

Guaixe 2016ko abe. 13a, 15:36

Idoia Goikoetxea, Javier Ollo eta Gemma Botin atzo.

Nafarroako Kutxa fundazioak egindako 10.000 euroko ekarpenak gaitzeko eta trebatzeko lau programa sustatu ditu.

Emakumeen kontrako indarkeriari, besteak beste, pertsonak gaitzen eta trebatzen aurre egin nahi dio Altsasuko Udalak. Arlo horretako udalaren sentsibilizazio eta prestakuntza programak hainbat urte darama indarrean. Prestakuntza, esaterako, herriko hainbat talderi zuzendutako saioen bidez egiten da.

Hala, DBHko 4. mailako ikasleekin gaztaroan emakumeen kontra izaten den indarkeria eta sexu erasoak zer diren jakiteko trebakuntza jasotzen dute. Bestalde, sexu indarkeria kasuak daudenean elkarlanean aritzen den koordinazio taldea ere trebatzen da, honako profesionala hain zuzen ere: osasun etxekoak, gizarte zerbitzuetakoak, udaltzainak, foruzainak eta berdintasun teknikaria. Aukera dagoenean beste profesional batzuei zabaltzen zaizkie saio horiek.

Gazte talde bat ere gaitu zen udan eta haien trebatzetik sortu zen festetan sexu erasoen kontrako prebentzio kanpaina. Azkenik, sexu indarkeria egoerak jasan eta horiek gainditu dituzten emakumeen talde bat dago. Sei dira eta otsailaz geroztik, hamabostean behin, teknikariarekin eta aditu batekin trebatzen ari dira eta hura bukatzean indarkeria jasaten duten emakumeak laguntzen hasiko dira.

Gemma Botin Cociña Nafarroako Kutxa fundazioko arlo sozialeko kidea Altsasun izan zen atzo. Javier Ollo eta Idoia Goikoexea berdintasun teknikariaren eskutik garatutako jardueren berri jaso zuen eta fundazioaren deialdira aurkeztutako proiektua aurtengoaren jarraipena dela gaztigatu zuten. Botinek azaldu zuenez, lagundutako gaiaren garrantzia nabarmendu zuen. “Gure laguntzak proiektuak abiarazteko eta egonkortzeko balio dute”.