Irati Igoa eta Aroa Cerezo Nafarroako selekziora

Guaixe 2016ko abe. 14a, 13:03

Altsasu klubeko bi futbolariak Nafarroako 16 urtez azpiko selekzioarekin ariko dira. Asteburuan Espainiako Txapelketan lehiatuko dira Nafarroarekin, Jaenen

Altsasuko emakumezkoen futbol taldea ereindakoa jasotzen ari da. Aurreko astean Sakanako kirol talde onenaren saria jaso zuen Altsasu emakumezkoen taldeak; epai mahaiak Sakanan emakumezkoen futbol taldea osatzeko meritua saritu nahi izan zuen izendapenarekin. Bada, Altsasuko klubak harro egoteko beste arrazoi bat du, Nafarroako 16 urtez azpiko emakumezkoen futbol selekziorako bere bi taldekide deitu baitituzte: Irati Igoa Sesma etxarriarra eta Aroa Cerezo Cuesta lakuntzarra.

Entrenamendua gaur
Nafarroako 16 urtez azpiko emakumezkoen futbol selekziorako 18 jokalari konbokatu dituzte guztira, Igoa eta Cerezo tartean. Gaur, abenduaren 14an egingo dute entrenamendua Osasuna klubeko Taxoare instalazioetan. Jokalari hauek abenduaren 16tik 18ra bitartean Jaengo Ubedan jokatuko den 16 urtez azpiko emakumezkoen VIII. Autonomien Arteko Espainiako Txapelketa Nazionalean hartuko dute parte, Nafarroako selekzioarekin.