25 urte plazako intxaurrondorik gabe

Guaixe 2016ko abe. 15a, 09:57

1991ko abenduaren 15eko eguerdian kendu zuten 250 urteko historia zuen intxaurrondo zaharra.

Irudiak berreskuratu ditugu, zureak elkarbanatu nahi?

Altsasuren azken aurreko hiru mendeetako lekukoa. Zainak Otairainokoak omen zituen. Zain horiei dudako zintzotasuna zutenen jokaera zentzatzeko efektuak egozten zizkioten batzuk: etxeren bateko sukaldeko lurra jasoz edota lur-ematetarako zuloak egitea zailduz. Beste kontakizun batzuk diote estatu kolpearen ondoren enborrean ikus zitekeen objektua karlistadakoa zela. Bestelakoetarako balio izan zuen intxaurrondoak: musika bandak jotzen zuenean gazteek kioskoaren inguruan dantzatzen zuten; kioskoaren eta zuhaitzaren artean pasa estutu egiten zen eta aukera hori baliatzen zuten mutilek neskengana hurbiltzeko. Intxaurrondoaren omenezko koplak eta jotak ere izan ziren. Kontuak kontu, adin guztietako altsasuarren hitzorduen tokia zen.

Herriaren ikur. Intxaurrondoa. Azken urteetan gaixotzen hasia zen. Hura sendatzeko alferrikakoak izan ziren udalaren ahaleginak (ongarri plasteak eta babesgarriak) eta azala galtzen hasia zen. Eusko Jaurlaritzako Egurraren Zentro Teknikoaren azterketak agerian utzi zuen hezetasunagatik, parasitoengatik eta hainbat espezie silofogoengatik “nahitaez gaixo” zegoela. Zentroak aholkua eman zuen ere: lehenbailehen kendu eta lehortze prozesua eman.

Udalak hala erabaki zuen azaroaren 22an egindako ezohiko bilkuran. Altsasuko Taldeak, Herri Batasunak eta Urbasa hautes-elkarteak alde bozkatu zuten, PSOE abstenitu egin zen (Foru plazaren erabateko erreforma eskatu zuen) eta Altsasuko Herriako zinegotzia ez zen bilkuran izan. HBko eta Urbasako zinegotziek eskatuta erabakia berehala ez betetzeko eskatu zioten Jose Manuel Goikoetxea alkateari. Altsasuarrek erabakiaren berri izateko tartea eman eta enborrarekin zer egin ideiak jasotzeko. Goikoetxeak erabakiaren berri emanez bandoa atera zuen eta hartan dagoeneko aurreratzen zuen enborra altsasuar sustraiei eskainitako monumentu bat bihurtu nahi zutela. Azkenik, agur omenaldira gonbidatzen zituen altsasuarrak.

Bost tona
Herriaren ikur zenari ahalik eta agur jendetsuena emateko domeka eguerdia aukeratu zuen udalak. Alkatea buru zela, udala Foru plazara txistulariak lagunduta joan zen. Egitaraua kioskotik segituko zuten haiek, intxaurrondoari azken omenaldia izan zena. Txaloak eta malkoren bat izan ziren ekitaldian. Rafael Aiarrak angelusa errezatu zuen lehenik. Altsasuko dantzari taldeko kideek aurreskua dantzatu zioten. Zazpi dantzari bikotek zortzikoa dantzatu zuten.

Javier Goikoetxeak intxaurrondoaren omenezko olerkia aurkeztu zuen 1973ko herriko literatur lehiaketan eta hura irakurri zuen Enrike Zelaiak. Akordeoiarekin ere pieza bat jo zuen. Azkenik, txistulariek Agur jaunak doinua jo zuten. Hori egiten ari zirela Oraa enpresako garabia batek intxaurrondoa jaso eta kamioi batean jarri zuen. 5.020 kilo. Altsasuko ikurra kamineroen egoitzan utzi zuten lehortzen. Mozteak eta kontserbazio tratamenduak orduko 50.000 pezeta (300 euro) balio izan zituen. Kioskoaren bestaldean beste intxaurrondo bat jarri zuten. Hasierako urteetako eraso ugariei aurre eginez aurrera egin du.

Jatorria
Ez zen zehatz jakin intxaurrondoaren historia. Enrike Zelaiak egindako ikerketek Don Roman medikuarena zela agerian utzi zuten. Ondoren, San Antonioren kofradiarena izatera pasa zen. Jasotako intxaurrekin kofradiak bere urteko gastuen zati bat ordaintzen omen zuen.

Eskultura
Jose Ulibarrena eskultoreak Foru plazan dagoen eskulturan bihurtu zuen enbor lehortua. Ulibarrenak “Altsasu den guztia” irudikatu zuen eskulturan 28 irudi edo sinboloren bidez: feminitatea, gizontasuna, nekazaritza, trenbidea, errementaritza, kobazuloak, basajaunak, hiru abeslari, ahuntza, dama bat, penaz dagoen arima, Mainamikirri sorgina, Garzia Ximenez erregea, txirrindularitza, ereilea, Altsasuko tontor eta gailurrak, pilotaria, uzta, artisautza, momotxorroak, gaueko eguzkia, jainkotasuna, inauteriak…