Eskarmentutik indarkeria jasaten ari diren emakumeak laguntzeko taldea

Guaixe 2016ko abe. 16a, 09:01

Aurretik sexu indarkeria bizi izan zuten emakumeak egun bizi dutenei laguntzeko trebatzen ari dira.

Altsasuko Udalaren Emakumearen Bilgunean, besteak beste, sexu indarkeria jasaten duten emakumeei laguntza ematen die. Hainbat profesionalen laguntza bideratzen da Emakumearen Bilgunetik. Baina bertako teknikari Idoia Goikoetxeak azaldu digunez, “pentsatu genuen sexu indarkeria jasaten ari den emakume bat laguntzeko hoberena egoera bera bizi eta gainditu duten  emakumeen laguntza litzatekeela”.

Zorionez egoera hori gainditu duten emakumeak badaude gure artean. Udal zerbitzuaren ekimenez elkartu dira. Dozena erdi bat dira. Goikoetxeak azaldu digunez, “laguntza emateko esperientziaz aparte gaitu behar da. Esperientzia pertsonaletik harago hausnarketara, analisirako eta ulermenerako pausoa eman behar da”. Horregatik, otsailaz geroztik hamabostean behin elkartzen dira. Hileko saio batean informazioa jasotzen dute Goikoetxearen eskutik; “haiek jakin behar dute zein zerbitzu eta baliabide dauden, salaketa nola egiten den, nora jo eta hori guztia”. Hileko beste saioa hausnarketari eskainitakoa da eta taldea bideratzen duen profesional batekin izaten da; “indarkeria ulertzeko, laguntzeko gaitasuna lortzeko eta abar”.

Trebatzen segituko dute, Goikoetxeak esan digunez, “inpaktu pertsonal oso handia dauka. Egoera horiei aurre egiteko eta besteei laguntzeko indartzen ari dira”. Hala ere, Goikoetxeak azaldu digunez, “modu hain formalean ez bada ere ikasitakoa zabaltzen ari dira”. Sei emakume horiek trebakuntza bukatzen dutenean, “helburua haiek talde bat, sare bat, osatzea litzateke”. Hori da Goikoetxearen ustea, “zaila” dela aitortu arren, talde autonomo gisa eratzeko bidea ematen saiatzen ari dira. Bitartean, euren trebatze prozesuaren barruan, atzo arratsaldean, Bizkaian egoera bera bizi izan duten Haize Berria elkarteko Ainhoa Malaxetxabarriarekin elkartu ziren.

Teknikariekin
Goikoetxearendako “aurtengo programazioko saio bereziena” izan zen atzokoa. “Emakumeen kontrako indarkeriaz hitz egiten eta hausnartzen profesionalak entzuten ditugu askotan. Gutxitan entzuten ditugu indarkeria jasaten duten emakumeak. Eta ez dugu ahaztu behar haiek direla protagonistak. Guk haien eskaerei erantzun behar diegu”. Atzo, beraz, indarkeria sufritu duen emakume bat entzun zuten Iortian elkartu ziren profesional eta herritarrek. Ainhoa Malaxetxabarriak bere esperientziaren eta eskaeren lekukotza utzi zuen.