Neguko solstizioa ospatzera

Guaixe 2016ko abe. 16a, 10:30

Domekan, 18:00etan Altsasuko Dantzalekun.

Egubera taldeak antolatuta, beste behin, neguko solstizioa antzezpen batekin ospatuko da Dantzalekun. Lehenik jentilak azalduko dira, eskulanak eginen dituzte. Zaharrenaren bila joanen dira eta ostotsen soinuarekin batera desagertuko dira. Momotxorroen agerpena izanen da hurrena. Erdi izaki erdi abere, harrespila eginen dute eta haren inguruan dantzatu. Haien tokia ondoren fara dutenek beteko dute, dantzan suaren ondoan mugituz.

Marik ere hitzordua du neguko solstizioko ospakizunean, ilea orraztu ondoren konjurua esan eta desagertuko da. Gona gorriek beste konjuru batzuk eginen dituzte. Sorginek, berriz, aurpegiak margotu eta harrespil borobila sortuko dute. Handik Mainamikirri aterako da. Harena izanen da azken konjurua. Sorginek sua egin ondoren, Hator hator kantua entzunen da. Momotxorroen segizio ordenatuak Mariren bila joanen dira. Azken jentila dena, Olentzero, akaberan agertuko da.