Herria bihotzean, hari kantuan

Guaixe 2016ko abe. 16a, 11:12

Gaur, 20:30ean, Altsasuko elizan.

Asteburu betea du Erkudengo Ama abesbatzak. Gaur eguberri kontzertua eskainiko du. Abesbatzatik esan dutenez, “gaur egun Altsasun oso momentu zailak pasatzen ari diren pertsonak eta euren familiak gure bihotzean egonen dira kontzertuan. Gure elkartasuna adierazi nahi diegu eta Altsasuko herriari gure kontzertua eskaintzea da gure asmoa”

Normalean emanaldi horrekin despeditzen dute urtea. Baina bihar abesbatza altsasuarra Flamenco etxea ikuskizunean parte hartzekoa da Haize Berriak bandarekin, Jose Luis Montonekin eta Gorka Hermosarekin batera. Abesbatzatik azaldu digutenez, “oso urte bizia izan da. Proiektu askotan parte hartu dugu: Sakana Maitia emanaldian eta bideokliparen grabazioan, filmetako musikaren monografikoan, Holandako bidaia, zenbait elkartruke eta kontzertuak… Guztiarekin oso lanpeturik ibili gara eta koralista guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu egin duten ahaleginagatik”.

Urte berrirako asmo berrien bila dabiltzanendako aholkua ere badute: “jendea abesbatzan kantatzera  animatu nahi dugu. Oso atsegina izateaz aparte, osasuntsua da eta bizitzen diren esperientziak ahaztezinak dira. Gure ateak irekita daude kantatzea gustuko duzuen guztiendako”.

Egitaraua
Abestia Egilea
Malaika Tanzaniako gabon kanta
Egizu lo P. Jorge de Riezu
Lua, lua Herrikoia. Mold. J. Ezkurra
Gabriel´s oboe E. Morricone. Mold. JL Gorospe
Arkume ta gaztakin Herrikoia. Mold. L. Ondarra
Por los caminitos de Jerusalem E. Correa
Romance del establo de Belen E. Correa
Adeste fideles J. Reading
El pequeño tamborilero Katherine K. Davis