Oscar Guerrero, Israelgo Cycling Academy taldeko zuzendari

Guaixe 2016ko abe. 21a, 13:37

Talde gaztea da eta 2017rako egun bateko lasterketetan lan ona egitea da asmoa

Oscar Guerrero altsasuarra txirrindularitzara itzuli da. Kaikuko entrenatzaile ohia Euskaltel-Euskadi taldean zazpi hilabete inguru zeramatzan zuzendaritza lanak egiten, krisiaren eta beste faktore baten ondorioz talde laranja 2013an desagertu zenean. Ordutik txirrindularitzatik kanpo zebilen altsasuarra, baina berriro ere txirrindulara bueltatu da, Israelgo Cycling Academy taldeko zuzendari berria baita. Nonbait, entrenatzaileak bilatzen ari zirela jakitun, bere curriculuma bidali zuen Guerrerok, eta taldeak bere aldeko hautua egin du.

Guerrerok zuzentzen duen talde profesionala gaztea da. Altsasuarrak Marca egunkarian azaldu duenez, klasikoetan, ihesaldietan edo mendian ongi ibiltzen den jendea badu, baina helburua “talde bezala hazten joatea, eta egun bateko lasterketetan lan ona egitea” da. Horren plantilla gaztea izanda, etorkizunerako gauza handiak egiteko lana egitea, hori da asmoa. Alde horretatik, Guerrerok azaldu du Kaikuren hasieratan bezala sentitzen dela. “Taldea internazionalagoa da, baina dituen gogoetan eta gaztetasunean antza dauka Kaikurekin. Mundua jan egin nahi dugu” aipatu zuen Marcan. Cycling Academy taldean Jose Manuel Diaz Gallego espainiarra dago.

Israelen txirrindularitzak ez du futbolak edo saskibaloiak bezalako jarraipenik, baina herrialdea bizikletaz beteta omen dago eta txirrindularitza beste begiekin ikusten hasi direla gaineratu du altsasuarrak. “Pentsatzen dut proiektu honek txirrindularitza sustatuko duela” adierazi du, aurretik lan handia dutela gaineratuz. 2017rako egutegi bikaina dute, Milan-San Remo, Paris-Roubaix, Flandes klasikoak eta AEB-etako Colorado, California eta Utah lasterketak tartean.