Ataboko kontuak hobera

Guaixe 2016ko abe. 24a, 09:06

Altsasuko kirol azpiegituren kudeaketaz arduratzen den Atabo SL enpresaren ekonomia egoeraz zera adierazi du Javier Ollo Martinez alkateak: “konplexua da, baina haren eta udalaren arteko koordinazio ezin hobearekin hobetzeko aukera argiekin”. Alkateak gaztigatu duenez Geroa Baik bi erakundeen arteko koordinazioa hobetzen lan egin du legegintzaldiaren aurreneko zatian eta Ataboren “kontuen hobekuntza nabarmena ari da izaten”. Horren adibide gisa igerileku estaliko eguzki plaken konponketa jarri du, gas kontsumoan %37ko murrizketa ekarri duena.

Horrekin batera Altsasuko Udalak enpresa publikoaren estatutuak aldatu ditu. Hemendik aurrera Atabo SRL izanen da, hau da, irabazi asmorik gabeko erantzukizun mugatuko sozietatea. Ollok azaldu duenez, “zerga-ondorio garrantzitsuak ditu honek. Izan ere, bere kirol azpiegiturak erabiltzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoek ez dute BEZa jasan beharko. Baina enpresak bere jarduera aurrera ateratzeko egiten dituen ordainketa guztietan BEZa pagatuko du. Zerga hori arautzen duen legedian aurreikusten diren salbuespenetako bat erabiliko da”. Neurri horiekin batera, hornidura kontratuen berrikuspena egin dute.

Horiek guztiak eginda, alkateak jakinarazi du Atabo enpresa publikoak 2017an irabaziekin bukatuko dutela aurreikusi dute. Sortu zenetik aurreneko aldia litzateke. 63.333,13 euroko irabaziak espero dituzte heldu den urterako. Hala balitz diru hori aurreko urteetan sortutako zorra ordaintzera bideratuko litzateke. Azkenik, eta enpresa horrekin lotuta, Ollok jakinarazi du Burunda frontoiaren tabernaren kudeaketa eta pilotalekuaren mantenua eta garbiketa emateko baldintzen plegua aurki publikatuko dutela.

Harreman eraginkorrak
Nafarroako Smart Cities Plan Zuzendaria kontratatu eta jarraipena egiteko Altsasuko Udalak Nafarroako Gobernuarekin lankidetza hitzarmena sinatuko du. Horren helburua herritarren eta administrazioaren arteko harremanen eraginkortasuna hobetzea da. Bestalde, Nafarroako Kontu Ganberak Altsasuko Udalaren kontuen auditoria eginen du 2017an.