Senide trikitilariak Nafarroako jaialdian

Guaixe 2016ko abe. 28a, 10:13

Ilbeltzaren 7an, larunbatean, 17:30ean Altsasuko Iortia kultur gunean.

Nafarroako Trikitixa Elkarteak herrialdean trikitiaren inguruan erreferentziazko eguna bihurtzeko asmoz hasi zen Altsasun jaialdiak antolatzen. Hirugarrenaren atarian elkarteko Patxi Agirre arbizuarrak esan digunez, “horretan gabiltza eta uste dugu, baietz”.  Agirrek esan digunez, aurtengo jaialdiko berezitasuna da parte-hartzaile guztiak, baita aurkezleak ere, senideak direla: “familiako bikote edo hirukoteak dira”.

Horrek zerbait utzia dutenak bildu eta zerbait berezia prestatzeko aukera ematen duela azaldu digu Agirrek. Zazpi bikote edo hirukote pasako dira oholtzatik, bakoitza bere estiloarekin. “Hor dago koxka eta grazia. Bakoitzak bere estiloa du eta bere musika motak”. Gainera, antolatzaileek parte-hartzaileei jaialdirako zerbait berezia prestatzeko eskatu diete. Horren jakitun, apiriletik ari dira saioa prestatzen. Guztiek hiruna pieza joko dute. Saioa Telleria anaiek aurkeztuko dute.

Parte-hartzaileak
Narbarte anai-arrebak
Laja aita-semeak eta Aritz
Etxabe anaiak
Lasa ahizpak
Elustondo anai-arrebak
Alkorta anai-arrebak eta Enaitz (semea)
Etxaniz anaiak

Sarrera eta afaria
Dagoeneko 12 eurotan eskuratu daitezke kultur gunean edo www.iortiakultura.com web orriaren bidez. Ondoren izanen den afarira joan nahi duenak 20 euro pagatu beharko ditu.