Omenaldiz betetako San Silbestre jendetsua Altsasun

Guaixe 2017ko urt. 3a, 11:12

Altsasuko atxilotuak eta Goizeder Azazeta izan zituzten gogoan Altsasun, eta omenaldi txikia egin zieten ere Juantxo Azurmendiri eta Mikel Lakuntzari

San Silbestrea beti izaten da berezia. Baina aurtengoa, akaso gehiago. Izan ere, ez daudenak eta daudenak, guztiak izan zituzten gogoan 38. Altsasuko San Silbestrea-Mario Lopez de Uralde Memorialeko antolatzaileek, Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak eta Sakanako Triatloi Taldeak.

Lehenik eta behin kategoria txikiko probak jokatu ziren. 148 neska-mutikok hartu zuten parte bertan, giro bikainean. Ondoren, proba nagusiaren txanda izan zen (4,6 km). 430 korrikalarik hartu zuten parte proba nagusian. Hortaz, guztira 578 korrikalarik despeditu zuten urtea korrikan.

Proba nagusia abiatu aurretik “Altsasukoak Aske” zioen pankartari eutsi zioten korrikalariek, Altsasuko atxilotutakoei eta auzipetutakoei euren babesa emateko. Horretaz gain, abiatu baino lehen aurten zendutako Goizeder Azazeta Pelaez izan zuten gogoan, Dantzaleku Sakana klubeko eta Sakana Triatloi taldeko korrikalari eta triatleta ohia eta atletismoari lotutako familia bateko kidea. Bi klubek eta Hiru Herrik, bertan ere aritu baitzen, omenaldi xume bezain sentikorra egin zioten gazte altsasuarrari. Eta sorpresa moduan, Dantzaleku Sakana eta Sakana Triatloi Taldeko Juantxo Azurmendik eta Mikel Lakuntzak ere omenaldia jaso zuten.

Garcia de Eulate eta Beunza azkarrenak
Lasterketari dagokienez, giro bikainean joan zen proba. Altsasuko atxilotutakoak gogoan izan zituzten korrikalariek, makina bat pankarta eraman baitzituzten korrikalariek eurak gogoratzeko. Milakolore taldeko kideek ere parte hartu zuten proban. Sergio Garcia de Eulate altsasuarra eta Izaskun Beunza olaztiarra izan ziren azkarrenak. Raul Audikana olaztiarra sartu zen bigarrena, Ruben Mendieta herrikidearekin esprint estua izan eta gero. Emakumezkoetan, Leire Estarriaga izan zen bigarrena eta Henar Etxeberria hirugarrena.

Kategoria txikietan, aurrebenjaminetan Oihan Andueza eta Nahia Olaiz gailendu ziren, benjaminetan Asier Zubiria eta Ane Vegas, kimuetan Iker Gomez eta Ane Iturrioz eta haurretan Kepa Marquez eta Leire Sayas.

www.dantzalekusakana.com
San Silbestreko sailkapen osoa ikusteko.