Haur eskolako lanak aurki despedituko dituzte

Guaixe 2017ko urt. 12a, 18:50
Haur eskolako lanak gaur arratsaldean.

2016. urtea despeditu aurretik hainbat lan egin ziren Altsasuko Udalak aginduta. Izan ere, diruzaintzako gerakina 1.895.417,15 eurokoa zen eta hainbat inbertsio egiteko bideratu zituen udalak. Zatirik handiena Txirinbulo haur eskola berria eraikitzera bideratu du, 424.000 euro (BEZ kanpo). Lanetarako Hezkuntza Departamentuak 250.000 euroko diru-laguntza eman dio udalari. Suteagatik aseguru etxetik jasotako 285.270 euroak lan horietara bideratu ditu.

Lanak aurki despedituko dira. Navarro Villoslada eraikina udaleko haur eskola bihurtzeko lanak festen ondoren hasi ziren. Txirinbulo haur eskola berriak 1 eta 2 urteko umeendako unitatea, 2 eta 3 urteetakoendako unitatea, unitate mistoa, bularreko umeendako unitatea eta jangela izanen ditu.

Lanak egin ondoren eraikina jantzi egin behar da. 72.000 euroko aurrekontua du. Altsasuko Udalak abenduko bilkuran onartu zuen diru-laguntza deialdi batera aurkeztea, Nafarroako Mendialdea Garatzeko Toki Garapen Estrategia Parte-hartzailearen barruan Europako FEADER funtsak eta Nafarroako Gobernuak eskaintzen dutena. Onartuz gero, inbertsioaren erdia diru-laguntzarekin estaliko luke udalak. Bestalde, ilbeltzean herriko hainbat kaletan ibilgailuen abiadura moteltzeko murriztaileak jarriko dira.

Egindako inbertsioak    
Zer Zeinek egina Dirua*
Hilerrian 56 horma-hobi Enpresa bat 46.500,00
Urbasa kaleko espaloiak zabaldu eta zorua aldatzea Enpresa bat 13.089,01
Otadiko eta Mendizabalazpiko bideak konpontzea Enpresa bat 20.345,15
Otadiko Kristo Deuna plazako zorua aldatzea Udal langileek 9.300,00
Zelandiko gimnasioko makineria Enpresa bat 5.395,00
Zelai kaleko zebrabide goratuak konpontzea Udal langileek 6.800,00
Kaleen zolatzeak eta 2 zebrabide kentzea Enpresa bat 39.700,00
Haurren jolas parkeak berritzea Enpresa bat 19.000,00
Igerileku estalietako eguzki plakak konpontzea    
Ludotekako leihoak berritzea Enpresa bat 7.779,42
Burunda frontoiaren fatxada txukuntzea Udal langileak 1.020,00
Aita Barandiaran egoitzako barandilla berritu+beste berri bat jarri Udal langileak 5.225,00
Seinaleztapen ikurrak jartzea Enpresa bat 11.387,00
Herriko mapa duten hiru panel jartzea Enpresa bat 5.625,00
Aparkaleku berria egokitzeko lanak Enpresa bat 29.996,39
*BEZa kanpo