Natur parkea argazki modelo duen argazki lehiaketa

Guaixe 2017ko urt. 16a, 08:17

Altsasuko Mendigoizaleak taldekoek argi dute: “Urbasa eta Andia naturaren mirari bat dira. Lurreko orografia, bere fauna, bere flora... Lurralde bat osatzen dute, zeinen txoko ederrek, euren berezitasunagatik, beti ustekabean uzten gaituzte”. Halakoa ondoan izanda Urbasa-Andian argazkilaritzaz gozatzeko lehiaketa antolatu dute. Hirugarren edizioa du eta lehiaketaren berezitasunetako bat da negu gorrian jokatzen dela.

Hala, parte hartzera animatzen diren argazkilariek natur parkea bere “fase gordinenean” opatuko dute. Eta ingurune horretan argazki kamerarekin txokoak, natura, animaliak eta beste hartu beharko dituzte. Horretaz aparte, lehiaketan Urbasa-Andia ezagutu eta paseo horiei eduki gehiago emateko aitzakia ezin hobea da lehiaketa. Aldi berean, egungo teknologien bidez (mapak, gps-ak, iparrorratzak…) toki bereziez gozatzeko proposamena ere bada lehiaketa.

Oinarriak
Argazki lehiaketan parte hartzen dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute. Horretarako,  www.altsasukomendigoizaleak.com web guneko izen ematea atala erabili dezakete. Natur parkean neguan ateratako argazkiak aurkeztu behar dituzte lehiaketara, zehazki, urteko aurreneko egunetik otsailaren 28ra arteko argazkiak onartuko dira. Argazkiak martxoaren 6ra arte aurkeztu daitezke Altsasukoargazkiak@gmail.com e-postaren bidez.

Parte-hartzaile bakoitzak 8 argazki aurkeztu beharko ditu lehiaketara. Haietako batean egilea agertu beharko da eta beste bi koordenatu jakinetan egin behar dira: Urbasan, N42º 51´ 8,1´´ W2º11´33,5´´ eta Andian N42º 54´ 54,83´´ W1º 56´12,39´´. Bakoitza izenburua eta dagokion toponimoa izan beharko ditu. Irudien artxiboek .jpg estentsioa izan beharko dute.

Sariak
Aurreneko hiru sailkatuek sari gisa landa-etxe banatan gau bateko egonaldia izanen du: Nemesio landa (Iturmendi), San Pedroko bidean (Altsasu) eta Imaz etxea (Olatzagutia). Aurkeztutako lanen emanaldia martxoaren 14an, asteartean, 19:30ean eginen da, Iortia kultur gunean. Ondoren, taldearen egoitzan auzatea izanen da.