Testuingurutik ateratako materiekin sortutako eskulturak Iortian ikusgai

Guaixe 2017ko urt. 13a, 11:11

Hilaren 30era arte astegunetan, 18:30etik 21:00etara, eta domeketan, 19:00etatik 21:00etara, Altsasuko Iortia kultur gunean.

Mertxe Sueskun Martinez eskultorea da. Hori jakin beharra dago Altsasuko Iortia kultur guneko Egunerokoaz erakusketa aretora sartu aurretik, paretetan dauden eskulturak koadroekin ez nahasteko. Eskulturak idulki edo oinarri baten gainean egon beharko lukete, baina “hain erliebe txikia izatean, materiala delikatua denez, abaraskako gelaxkak betetzen duen materiala ez dagoenez itsatsia, erortzen direnean dena ateratzen da. Kaltetu egiten dira. Horregatik, eginak emanen ditut eta kitto”. Horrela iritsi dira eskulturak paretatik zintzilik egotera. Koadroen antza duela aitortu digu egileak.

Sueskunek birziklatutako materialekin lan egiten du. Egurrezko kutxak, haien barruan kartoiz egindako abaraska eta azken horrek sortzen dituen hutsune edo gelaxka batzuk material txuriz (klariona, belarriak garbitzekoen kotoia, kotoia edo zigarroen filtroak) beteak. Horiek erakusgelako eskuineko paretan ikusgai daudenak. Sueskunek azaldu digunez, “mosaiko erromatarrei erreparatzen diet. Eta haietan oinarrituta garatu dut estilo honetako obra. Geometria hutsa dira. Egitura erabakitzea da”. Irudiak sorkuntza lanean ari dela ateratzen zaizkio. “Obra bat egin eta beste bat iradokitzen dizu”. Beste batzuetan pentsatu egiten ditu, baina ez du zirriborrorik egiten, “ez dut gogoko. Horrela egiten badut, egina dudala pentsatzen dudalako. Aspertzen nau”.

Sueskunek azaldu duenez, “milaka bariazio egin daitezke, baina azkenean baten alde egiten duzu eta kitto. Eta pertsonari dena egina ematen diozu”. Abaraskak klarionekin betetzea ez du gogoko: “material gogorra da eta kartoia behartzen du. Niri materia hutsunera egokitzea gustatzen zait”. Horregatik bestelako material bigunen aldeko hautua. Eta gelaxken tamainek hura betetzeko materiala zein den baldintzatzen dio.  

Sueskunek azaldu digunez, “obra batzuk ezin dira moldatu baina beste batzuk bai”. Batzuk horizontalean ikusgai daude eta beste batzuk bertikalean. Kokapena aldatzean obra bera aldatzen da.  “Eta haien artean aldatuz gero, ere”.  Modu batera edo bestera jartzea arbitrarioa dela azaldu digu sortzaileak, baina erakusketa osotasunean kontuan hartu du haiek jartzerakoan, “linealtasuna hausteko”.

Eskuin pareta horretako eskulturek kolore gutxi batzuk besterik ez dute. Baina, koloretako kotoiekin eta kartulinekin osatutako abaraskak ere ikusgai ditu Sueskunek. Materialen kolore eta formarekin jolasten du gelaskak betetzean. Haietako batzuk kutxarik gabe, aske, daude. Makilatzeko kotoiekin sortutako ondulazioak ere ikusgai daude. Objektuari, kutxari, kontinenteari, “askatasuna” emateko, edukia, abaraska beharrean kartoi, egur prentsatu edo paper zatiekin sortzen ditu eskulturak. Material horiek manipulazio gutxi eskatzen dute. Seriea hainbat urtetan landu du, baina Altsasura azken urteetako eskulturak ekarri ditu.

Zepiloak erabiliz sortutako eskulturak dira berrienak. Izenburu argiek bisitariari argibidea emanen diote. Norabait doanean dendetako erakusleihoak begiratzen ditu. Gogoko objekturen bat ikusiz gero erosi eta gero hura abiapuntu izanik sortzeari ekiten dio Sueskunek. Zepiloekin hala gertatu zen. Joan Brossasen omenezko eskultura erreportaje bat ikusi, omenaldia egitea erabaki eta eskura zituen elementuak erabiliz sortu zuen. Orratzekin, egurrezko zamau-babesen pizatxoekin, egurrezko orraziak, bizarra kentzeko brotxa eta dama jokoko piezekin sortutako geometria formak, eskulturak, ere ikusgai daude.

Erdigunean
Erakusketara sartzen denari pitaz egindako eskultura batek egiten dio harrera. Egiturari buelta emanda beste hiru opatuko ditu. Metalezko egitura bat hartu eta pitarekin haien gainean lan egin du. Lan horien ereduetako bat zintzilik du, pare bat lurrean, haietako bat pita urdinez tindatuta. Paretetako kutxatxoak gogorarazten dituzten hiru kutxa handiak daude lurrean. Forma ezberdinak dituen pitaz beteak.

Kamioien filtroekin eta punta ateratako makiltxoekin osatutako eskulturek barruan duten formak begiratzera gonbidatzen dute. Donostiako Artelekuko ikastaro batean egindako egurrezko bat dago ikusgai.

Sortzaileaz
Iruindarra, Elgoibarrera ezkonduta. Han, Fernando Beorlegi pintorearekin eta eskultorearekin ikasi zuen bi urtez. “Oso ona zen. Harekin modelatzen ikasi nuen”. Debako arte eskolako lehen promoziokoa izan zen. Eskultura ikasi zuen, baina baita zeramika, grabatu kalkografikoa eta kolorearen eta formaren teoria ere. Donostiako Artelekun hainbat ikastaro egindakoa da. Makina bat erakusketa egindakoa, jaialdietan ere parte hartutakoa da.

Sueskunek aitortu digunez, “hirutan gertatu zait” norabait erakustera joatea eta distantzia bat sumatzea, “obra ikusi arte”. Adineko emakume bat ikusten dutenean bereak paisaiak dituzten koadroak izanen direla aurreikusten dute askok. Baina bere lanekin sorpresa hartzen dute.