Auzipetuen egoera salatzeko auto-karabanak

Guaixe 2017ko urt. 13a, 09:57

Bihar bi hilabete beteko dira Guardia Civilak Altsasun sarekada egin zuela. Ordutik hiru gazte altsasuar Madrilen preso daude. Eta, haiekin batera, aske dauden beste zortzi gazte ferietako liskarragatik auzipetuak, “dena polizia-muntaia anker baten ondorioz”. Atxiloketak izan ziren hileko egunarekin batera, 14an, salaketa ekimenak egitea erabaki zuen herri-asanbladak. Gazte horien egoera salatzeko auto-karabanak eginen dituzte.

Herri-asanbladak Altsasuko suhiltzaileen parke pareko aparkalekuan jarri du hitzordua biharko, 11:00etan. Han elkartzen direnek zein norabide hartuko duten zehaztuko dute. Salaketa hiru auto-karabanen bidez eginen dute. Arabako Lautada, Gipuzkoako Goierri eta Sakana zeharkatuko dute ibilgailuek.

Antolatzaileek Espainiako Gobernuak Iruñean duen ordezkaritzan baimena eskatu dute. Baina salatu dutenez, “baimena jaso genuenetik arazoak besterik ez ditugu izan: ezin dela klaxona erabili, ezin dela kotxerik gehitu ibilbidean, beti ere polizia-ibilgailua aurretik izan behar dugula eta bestelako aitzakia txatxuak bildu ditugu euren oharretan”. Kezka dute isunen bat jasoko ote duten edo, azken unean, ekimena debekatu nahi izanen ote duten. 

Sare sozialetan
Twitter
Facebook

Porrotx
Pailazo ezaguna domekan, 11:30ean, Altsasuko Burunda pilotalekuan izanen da, herri-asanbladak antolatutako ekitaldian. Sarrerak, 5 eurotan, Iortia kultur gunean edo www.iortiakultura.com web orriaren bidez erosteko aukera dago.