Eraso matxisten salaketa

Guaixe 2017ko urt. 19a, 10:51

Aski da. Eraso matxista gehiagorik ez lelopean Altsasuko mugimendu feministak, 30 bat pertsona kontzentratu ziren atzo, tartean udal ordezkariak. Udaletxe parean ordu laurdeneko kontzentrazio isilarekin bi sexu eraso salatu zituzten: batetik, Burlatako Blanca Marquesen hilketa eta, bestetik, Sara Majarenas euskal presoaren alabaren hilketa saiakera.

Akaberan mugimendu feministako kideek adierazi zutenez, “beste behin hemen egon behar dugu, pasatzea nahi ez dugun baina pasatzen segitzen duenagatik protesta egitera elkartu gara. Hala eta guztiz ere kontzentrazioetara esperantzarekin etortzen segitu behar dugu: honek guztiak balio duelakoan, pixkanaka-pixkanaka, gero eta jende gehiagok izugarrikeriaren, ekidin behar denaz eta honek gure eguneroko bizitzan suposatzen duenaren kontzientzia hartzeko”. Altsasuko mugimendu feministako kideek “gure jokabideak bideratzeko” deia egin zuten: “ditugun jokabideak aztertu eta behatu behar ditugu, halakoetara ez iristeko eta saihesteko. Oso garrantzitsua da halakoak arraroagoak izan eta hain sarri izan ez daitezen. Honekin guztiarekin bukatu beharra dago”.