Sakana LH, “Bikaintasun Zentroa”

Guaixe 2017ko urt. 19a, 12:00

Atzeko lerroan, eskubitik bigarrena, Sakana institutuko zuzendaria.

Nafarroako Gobernuaren izendapena jaso du Altsasun dagoen Sakana Lanbide Heziketa Zentroak

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari nagusiak, Jose Luis Mendozak, Hezkuntzako zuzendari nagusi Roberto Perez Elorza alboan zuela, kalitatearen kudeaketa-sistemak ezarri dituzten 21 ikastetxe publikoren lana saritu zuen Abenduaren 19an. Hiru kalitate aitortza mota banatu zituzten eta horien artean da Bikaintasun zentroarena, 16 ikastetxek jaso zutena. Horien artean dago Altsasun kokatua dagoen Sakana Lanbide Heziketa zentroa.

Saritutako 21 ikastetxe horiek, SGCC 2013 araua betez, kalitatearen kudeaketa-sistema bat (GC) prestatu eta ezarri zuten, eta Hezkuntza Departamentuaren ebaluazio positiboa lortu zuten. Mendoza kontseilariak eskerrak eman zizkien etengabeko hobekuntza, partaidetza eta konpromisoa sustatzearen alde lan egin duten ikastetxe hauei guztiei.

Dobleclick eta M86 ekintzaileen esperientziak gertu ezagutzeko aukera
Azaroan Cederna Garalurrek “Ekintzailetza esperientziak lehen pertsonan” izeneko tailerra eskaini zuen Altsasuko Sakana LH Institutuan, Red Navarra Emprende entitatearekin batera ekintzailetza sustatzeko duten zerbitzuaren barruan, aldi berean Nafarroako Enplegu Zerbitzuak ere finantzatzen duena.

14 ikaslek hartu zuten parte tailerrean. Red Navarra Emprende ezagutzeaz gain, Cederna-Garalurrek ekintzaileei ematen dien laguntza eta zerbitzuen berri izan zuten. Horretaz gain, Altsasuko bi ekintzailek euren ibilbide eta esperientzien berri eman zieten. Esaterako, Ramón Corosok berak sortutako Dobleclick enpresaz hitz egin zuen. Informatikako tresnen, tableten eta mugikor gailuen konponketa eta aholkularitza zerbitzua da berea, etxez-etxe lan egiten duena. Iñaki Mujikak, bere aldetik, M86 motor tailerra zabaldu du. Enpresa sortzea nola bururatu zitzaien, egin beharreko tramiteak, izandako laguntza eta hemendik aurrera dituzten erronka eta helburuen berri aritu ziren.

Tailerraren helburua ikasleen artean ekintzailetza sustatzea da, ekintzailetza enplegu aukera moduan ikus dezaten. Halaber, egun ekintzailetza laguntzeko eta sustatzeko dauden zerbitzuen berri eman nahi diete eta gertuko esperientziak ezagutzeko parada. Finean, zailtasunak zailtasun, ekintzailetza aukera egingarri eta atsegingarria dela erakutsi nahi da.