Claver, irla berezietan gidari

Guaixe 2017ko urt. 20a, 12:07

Ander Claver Goikoetxeak Venecia, Txinako, Tanzaniako eta Indonesiako irlak bisitatu nahi lituzkeela esan digu.

Ander Claver Goikoetxea altsasuarrak eta Janire Nogales Prieto gernikarrak Atlas de las islas sin coche: Primera parte (2016, Saure) liburua argitaratu du, argitaletxearen Atlas sensible bildumaren barruan.

Claver Euskal Herriko Unibertsitatean ingeles ikasketen graduko 3. mailan ikasten zegoela, praktika sorta bat eskaini zizkioten. Ikastetxe batean eta Sauré argitaletxean praktikak egitea aukeratu zuen altsasuarrak. “Nigandik sortutako zerbait idaztea aspaldiko interesa zen. Hainbat testu idatzi beharra nuen, aldi berean atseginak, informatiboak eta literarioak zirenak”. Argitaletxeko praktiketan Janire Nogales Prieto gernikarrarekin aritu zen. Jean François Sauré editorea haiekin harremanetan jarri zen esanez, 46 irlez aritzea nahi zituela. “Irla guztiek berezitasun bera dute: ez dago motordun ibilgailurik. Bakarren batean anbulantzia eta halakoak daude soilik. Haietako askotan ez dago errepiderik. Lurralde nahiko basatiak dira. Bisitariak oinez, bizikletan edo gurdian mugitu daitezke”.

Azaldu digunez, bere egitekoa informazioa bilatzea izan zen. “Venecia irla ezagunena da, baina gainontzekoen informazioa opatzea nahiko zaila izan zen”. Informazioa ingelesez zegoen eta ikasketan primeran baliatu zituen. Irla bakoitzaren historia, bitxikeria, zerbitzuak datuak jaso zituen, guztiak uhartea eta aisialdia gozatzeko. “Bidaia-gida moduko bat da”. Irla bakoitzari orri bat eskaini diote, “nahiz eta niri batzuetan gehiago kontatzea gustatuko litzaidakeen”. Testu orri ilustrazio batek laguntzen dio. Informazio bilaketa prozesuan opatutako irudiekin sortu ditu Laura De la Cruzek. Haren lana goraipatu du Claverrek.

Bi hilabete osorik eman zituzten lanean, “gelditu gabe”. Liburua lau eskutara idaztearekin “kezka” zuen altsasaurrak, “bakoitzak idazteko modu bat dugulako. Baina emaitza ikusita ez ia alderik sumatzen.”. Tartean zuzentzaile bat izan zuten. Altsasuarrak aitortu digunez, “liburua argitaratzea sorpresa izan zen, ez bainuen uste hala izan zitekeenik. Antza, Jean Françoisi gure lana gustatu zitzaion. Poz-pozik argitaratzeagatik”. Lana egin eta bi urtera iritsi zen liburu-dendetara lana, azaro hasiean. Lehen partea dela dio izenburuak, “egia esan, bigarren partea egitea gustatuko litzaidake. Ez dut salmenten berri. Ez dut galdetu. Ez zait interesatzen. Nire izena duen liburu bat egotearekin poz-pozik nago. Egindako lanaren aitortza da”.

Erakarpena
Unibertsitateko ikasketetan “asko irakurri behar izan genuen. Bretainia Handiko eta AEBko egileak. Nik, akaso, aurretik ez nuen hainbeste irakurtzen. Literatura asko gustatzen hasi zitzaidan. Graduko ikasketetan gehien gustatu zitzaidana izan zen. Egia esan oso irakasle onak izan nituen eta literaturarekiko interesa sakontzea lortu zuten”. Claverrek esan du liburua argitaratu ondoren bere barruan “zerbait esnatu” dela. Aurki zerbait egitea ez du baztertu, arra hazka du. Ez du ezer buruan, baina txikitatik fantasia-liburuak erakarri dute. “Hutsetik mundu bat sortzea gustatuko litzaidake. Sinesgaitza litzateke. Oso zaila da. Baina ikusiko dugu”.

Idazketa horri heldu bitartean Claver hizkuntzetan trebatzen ari da: frantzesa eta alemana ikasten ari da. Atzerrian ingelesa ikasi nahi duten haurren begirale izan da eta izanen da. Horrekin batera, Altsasuko futbol taldeko haurren mailako entrenatzailea bada ere.