Kixoteren misterioak

Guaixe 2017ko urt. 20a, 13:36

Larunbatean, 20:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean.

El Brujo antzezlea ezaguna da obra klasiko ugari antzeztu dituelako. Ibilbide horretan Kixoterekin topo egitea denbora kontua zen. El Lazarillo de Tormesekin egin zuen moduan bakarrizketa moduan moldatu du Migel de Cervantes Saavedraren obra, Misterios del Quijote. Kixoteren pertsonaiak gaur egunera ekartzeko duen modu probokatzaile eta jostagarria da, zeinetan koblakaria lehen pertsonatik hirugarrenera pasatzen den, publikoarekiko lotura ekartzen du eta ikus-entzuleek antzezlan osoa ematen dute barrez lehertzen edo irribarre egiten.

Lehen pertsonan kontatuko du El Brujok obra. On Kixote eta Santxo. Eromena eta arrazoi apala. Batzuetan, ametsetik, metaforatik heltzen dio, besteetan, obrako hainbat pasarte ematen ditu aktoreak. Egunerokoarekin lotura duten txiste politikoak, betiere, seriotasunaren barruan, eta arteari, antzerkiari, klasikoei, ebanjelioari edo grial sainduari buruzko hausnarketak. Cervantes existitzea eta Kixote idatzi izana zalantzan jartzen dira; izan ere, El Brujoren ustez "askatasunaren Kristoaren sektaren" lana da. Gobernuaren eta herri administrazioen kultura-politika ere eztabaidan jartzen du.

Bakarrizketan antzezleak argiaren eta Enrique Morenteren doinu flamenkoez osatutako soinu banda besterik ez ditu lagun. El Brujok bere hitzak intimoaren, epikoaren, emozioen eta irrigarrien doinuekin ñabarmentzen ditu. Kontakizun guztia gorputz adierazpen aberatsarekin lagunduta, zeinetan beso-jokoa bikaina den.

Aktoreaz
Rafael Alvarez Kordobako Lucena hirian jaio zen, 1950. urtean. Hitz-jario lasai, lirain eta amaiezineko aktore-filosofo nekaezinak El Brujo ezizena hartu zuen, hitzak lotzeko duen moduak sortzen duen magia dela eta. 1988an Jose Luis Alonso de Santos, Gerardo Malla eta Jesus Cimarrorekin batera Pentación, S.A. antzerki ekoiztetxea sortu zuen eta 1995ean Mª Jose Norterekin batera Producciones El Brujo, S.L. ekoiztetxea, antzerki eta ikus-entzunezkoen banaketa eta ekoizpenean jarduten dena. Antzerkian, zineman eta telebistan aritu da.  Espainiako Kultura Ministerioak bere sari gorena, Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Domina, 2002an  eman zion.