Emakumeen Dantzaleku-Sakana

Guaixe 2017ko urt. 25a, 15:38

Dantzaleku-Sakana Atletismo Klubeko zuzendaritza berritu dute. Lehenengoz 5 emakumek eta 5 gizonek gidatuko dute taldea eta zuzendaritza postu nagusienak emakumeen esku egongo dira. Marijo Arza da presidente berria

Dantzaleku Sakana Atletismo Klubean aldaketa nabarmena eman da zuzendaritzan. Hemendik aurrera 5 emakumek eta 5 gizonezkok osatuko dute klubeko zuzendaritza eta lau postu nagusiak emakumezkoen esku egongo dira. Marijo Arza da presidente berria, Jone Pelaez presidenteordea, Leire Palacios idazkaria eta Ginesa Lopez diruzaina. Bokal lanetan Maite Zornoza, Juan Antonio Palacios, Aingeru Azazeta, Eusebio Vinagre, Mikel Goikoetxea eta Peio Bergara ariko dira.

Klubeko orain arteko presidentea Juantxo Azurmendi zen. Taldean ahal duen laguntza guztia ematen jarraituko du, baina ardura nagusia utzi nahi zuen. “Aurreko urtean emakumezkoen taldetxo bat sortu zen Dantzalekun, astebururo mendira korrika joateko hitzorduak jartzen dituena. Beraiekin korrika egitera joaten gara eta beraien laguntzarekin ere hilean behin mendira txango bat egitera joateko ideia sortu zen. Juantxok eta bestek zuzendaritza karguak utziko zituztenez, proposatu genien ea zergatik ez ziren animatzen zuzendaritzara sartzen, parekidetasun irizpideak betetzeko. Eta azkenean proposatu genien eurek postu nagusiak hartzea. Emakumezkoek kirola ulertzeko beste modu bat dute, ideia berriak ekarriko dituzte eta oso pozik gaude Dantzaleku Sakanako ardura hartuko dutelako” adierazi digu Dantzalekuko Peio Bergarak.

Bergarak gaineratu duenez, juntako 10 kideek elkarrekin lan egingo dute, elkarrekin erabakiak hartuko dituzte eta lana guztien artean banatuko dute, baina postu nagusi guztiak emakumezkoen esku egotea “oso garrantzitsutzat” jo du, “emakumeen parte hartzea ezinbestekoa delako. Ez dakit postu garrantzitsu guztiak emakumeen esku dituen talde askorik egongo ote den” nabarmendu du Bergarak.