"Falta sumatuko dutela esan zidaten bezero askok"

Alfredo Alvaro Igoa 2017ko urt. 27a, 08:33

Elizalde aitonaren denda ageri den 1931ko argazkia eskutan, burdindegian.

Javier Ignacio Elizalde Salegi, Elizalde burdindegiko jabea. Azaroaren 30ean itxi zuen.

1. Noiz zabaldu zen burdindegia?
Negozio honek hiru zati ditu. Lucas Elizalde Uribe aitona Argentinan, Buenos Airesen, egon zen. 14 urterekin senide batzuen etxera joan zen. Karta bidezko harreman baten ondoren, amonarekin, Perfecta Beraza Arruerekin ezkontzera etorri zen. 25 urte izanen zituen etorri zenean, 1914an, I. Mundu Gerra hasi zenean. Itsaspeko alemaniarrak merkantzia-ontzia urperatzen hasi ziren. Bueltatzea zaildu eta atzeratu zuen horrek. Argentinan dendariak ziren osaba batzuk zituen. 1915ean Lusitania urperatu eta 1.200 bat pertsona hil zirenean, Altsasun negozioa jartzea erabaki zuten: “hemen ere mugimendua dago”.

2. Noiz zabaldu zen denda?
1915ean mustu zen denda (Gartzia Ximenez kalean, Navarra optika zena). Hasierako izena Boliche zen, Argentinatik zetorrelako. Ondoren aldatu egin zuen: Tienda Buenos Aires, Lucas Elizalde.

3. Nolako denda zen hura?
Denda handia zen, nahikoa modernoa: jatekoak, drogeria, burdindegia, kinkila (metalezko etxeko tresneria), imitaziozko-bitxiak, lurrinak, jostailuak, oparitarakoak eta gatza, arto eta gari biltegiak zituen. Erakusleihoan hainbat gauza zituen, guztiak 0,95 pezetatan salgai (egungo dena 100 pezetara edo euro batera). Hori orduan gauza modernoa zen! Gauzekin trukatzeko baleak ematen zituen ere. Propagandadun paipai edo abanikoak zituen. Nahiko osatua zegoen saltoki bat zen.

4. Zer zen gehien saltzen zena?
Orduan karburoa asko saltzen zen, adibidez, mendian zeudenen kriseiluetarako, pizteko… sardina-zaharrak, abajua, txerri-hilketetarako tripak eta halakoak saltzen ziren. Oso osatua zegoen. Kafea eta kakahueteak xigortzekoa ere bazuen. Ferietan ere zabaltzen zuen eta asko saltzen zen. Ez zegoen gaur adina denda. Euritako asko.

Ontziratu gabe edo soltean asko saltzen zen orduan: olioa eta halakoak. Arazoak izaten ziren jendeak nahasi egiten zituelako sojarekin eta “prezio horietan ezin da saldu”. Azukrea ere bai. Ez ziren oso pozik egoten galerak izaten zirelako, prezio finkoa markatzen baitzuten.

Pisua saldu dut. Baina pisuen eta neurrien inspektorea etortzen zen, ongi ote zeuden kontrolatzera. Halakoekin iruzurra egiten baitzuten. Olioarekin eta halakoekin ere, kontrolatuta zeuden. Garai batean ere udaltzainek 20:00etarako ixteko esaten zuten, bestela isuna. Beti azken orduan etortzen zenik zegoen eta beldurrez ibiltzen ginen.

5. Nola hornitzen zen denda?
Salgaiak trenez ekartzen ziren. Zaldia eta gurdiarekin tren-geltokira joan beharra zegoen. Oraindik bizi den Kaito delako batek salgaiak geltokitik astotxo batekin ekartzen zituen. Genero-saltzaileei geltokiko morroi batek ekartzen zizkien maletak gurdian. Batez ere jostailuenak, erraldoiak ziren.

6. Burdindegia noiztik dago egungo kokapenean?
1963an itxi zen trinketea eta 1964an denda banatu egin zen. Leoncio Elizalde aitak, guk, burdindegia eta kinkila-denda jarri genuen eta gainontzeko guztia, jatekoak, drogeria, oparitarakoak… beste dendan gelditu zen. 1964ra arte amona izan zen saltzaile onena. Oso ezaguna zen. Aitonak zabaldutako denda 1987an itxi zen, Zacarias Elizalde, Jaimito, osaba jubilatzean. Hark kudeatzen zuen. Itxi eta sei hilabetetara optika jarri zen, joan den urean itxi zuena. Aitak ere 1987an utzi zuen eta nik, hirugarren belaunaldiak, hartu nuen, azaroaren 30ean itxi nuen arte.

7. Zer nolakoa zen burdindegia?
Denda normala da, genero askorekin. Lehen urte haietan, 60 urtetik aurrera, egoerak hobera egin zuen eta dirua mugitzen hasi zen. Extremadurako jende horrekin guztiarekin eta besteekin gauza asko saltzen zen hemen: hara joateko maletak, gauza ugari saltzen ziren, bai. N-1 errepidearekin (egungo Gartzia Ximenez kalea) mugimendu handia zegoen. Orduan jendeak ez zuen ohera joateko ordutegirik. Edozein egunetan, gauerditik aurrera, kopak edaten egoten ziren. Eta gero fabrikara lanera.

Garatzen joan zen. Nahiko ongi joan zen, 1992ra arte. Hainbat krisi izan arren dendak nahiko ongi defendatu ziren 92ra arte, nahiz eta bakoitzak feria nahi bezala kontatzen duen. Orduan handiagoak sartzen hasi ziren, burdindegi-kateak eta saltoki handiak, eta behera egin zuen negozioak.
Honen modukoak genero askoko dendak dira. Generoa ekartzean batzuetan asmatzen zenuen, besteetan ez. Baina gutxi gorabehera… Orain ez dago halakorik. Askotan denbora asko atera gabe egoten den artikuluak egoten direlako. Halako negozio mota pixkanaka behera egiten ari da.

8. Horren kontra borrokatu daiteke?
Nik, behintzat, ez. Bada egokitzen dakien jende azkarra. Denda hau oso zahartuta dago. Hemen saldu dudan ia 70 urteko balantza bat zegoen. Hori zaila da.

9. Iltzeak eta torlojuak bizi guztian salduko zenituzten, ezta?
Kopuru txikitan, bai. Esan dezagun balio txikiko gauzen negozioa izan dela hau.

10. Baina premiazkoak, ezta?
Bai, jendeak behar zituen. Bai, genero asko izan behar zen konponbidea emateko.

11. Nola kudeatzen da hainbeste artikulu desberdin? Dendan dagoen guztiaren kontrola duzue?
Ez. Ez izateagatik ez dut ezta kutxa erregistratzailerik izan. Hau izan dut (mostradore azpiko tiradera zabaldu du). Gaixoa gastatuta dago. Behin, tiradera zabaldu eta, “diru gehiago zegoela uste nuen”. Egun batean eta bestean gauza bera. Eta egun batean mutil bat harrapatu genuen. Gehiegi lapurtu eta bueltatzen ari zela harrapatu genuen.

Hemen dauden kutxa pilotik asko hutsik daude. Gauza asko zeuden. Hasieran etxeak janzteko asko saldu zuen. Fabrikek ere erosten zuten. Akaberan ez zuten gastatzen, beste batzuk kentzen joan zitzaizkigun. Hala izan zen. Hemen zaharkitu antza gaude. Jendearekin, batekin eta bestearekin, bai.  

12. Bezeroak, nongoak?
Asko Altsasukoak ziren, baina herrietako asko ere. Azken aldian garraioa hobetu denez, autoek urte asko daramatenez, herrietatik hona jende asko etorri zen. Asko bezero iraunkorrak ziren, jende asko bai. Sartu ahala ezagutzen zenituen: “honek erotuko nau eta ez ditu 3 pezeta erosiko”. Baziren gutxi batzuk frenatu behar zenituenak, erosi eta erosi: “baina hau? Ez duzu behar eta”. Hemen baita euskara ikasten duzu: turratilu, jostailu… Extremadurakoek begidun torlojuei (hembrilla) cancamo deitzen diete. Ikasten zoaz.

13. Zergatik itxiera?
Adindu naiz. Hau esku-aldatzeko oso zail dago. Oso azkarra bada agian jasotzen du denda, baina halako pertsona bat ez da halako negozio batean sartuko. Gainera, hau hain zaharkituta dago. Obra egiten hasiz gero ez duzu bizi guztian pagatzen. Egon zen bat esku-aldatzeko edo alokatzeko, baina azkenean ezer ez. Zaila da. Hau zahartuta dago, 1964an mustu zenean bezala dago. Ordutik ez da ezer egin.

14. Bezeroek itxieraz zer esan dizute?
Falta sumatuko dutela esan zidaten askok. “Zu eta Lorenzo Telleriaren artean herri guztia hartzen zenuten”. Ezagutzen nauen bakarren bat zerbait dudan galdetzen dit. Baldin badut, ematen diot.

15. Eta orain zer?
Motel nabil. Dena egitea asko kostatzen zaidanez eguna berehala pasatzen zait. Baratza eta ariketa pixka bat egin nahi nituzke. Ez dut aspertzeko asmorik. Eta bakarren batek gelditzen dena eramaten duen lotu nahian nabil.

16. Trinketea aipatu duzu lehen, ezta?
Txiki-polita trinketea zuen izena. 1930ean zabaldu zen. 5,5 metro inguru zabal eta 17,5 metro luze zituen. Bost koadro zituen eta koadro bakoitzaren luzera 3,5 metrokoa zen. Goiko aldean palkoa du, partidak ikusteko. Gorago, ganbara. Trinkete deitzen genion, baina ez zen trinketea; ez zuen teilatutxorik, ez frailerik. Originaltasuna zen ate bat zegoela. Egungo burdindegian komuna eta iturria zuen konketa zeuden.

17. Zergatik trinkete bat?
Trinketea zabaldu zutenean Foru plazako frontoia besterik ez zegoen eta euria egiten zuenetan ezin zen jokatu. Aitonak, ziurrenik, ideia Argentinatik ekarriko zuen. Han trinketean asko jokatzen omen dira. Trinkete pelotari onak daude han. Burunda frontoi estalia 1954ko irailaren 12an mustu zen eta trinketea 1963an itxi zen.

18. Erabiltzeko zer egin behar zen?
Partidak 25 tantotara jokatzen ziren eta partidako 0,7 pezeta pagatu behar ziren. Betiko maltzurkeria zegoen eta 25 tanto haiek ez ziren sekula bukatzen. Azkenik, orduka kobratzen hasi ziren. Eskuz jokatzeaz aparte, txikia bazen ere gomazko pilotarekin palan eta pala motzean jokatzen zen. Trebetasun jokoa zen, gehienbat. Bestela, errebotetik pilota asko eraman behar ziren, zeren eta aitonaren pilotak motelak baziren ere, indarra zuenak berehala bidaltzen zituen errebotera.  

19. Zein jolasten zen?
 Sakana guztiko mutilak hemen elkartzen ziren eta haien artean pike asko egoten zen. Haietako askok, ezpartinak ez hausteko oin hutsik jokatzen zuten. Bakarren batek maki bukatzen zuen. Ez zegoen orain bezala dutxarik ez ezer. Eskuak eta aurpegia pixka bat freskatu eta gero Pisbera (taberna bat) joaten ez zena, neska-lagunarengana intxaurrondora joaten zen, dantzaldira. Batzuetan denbora zain izaten ziren, errebantxak eta bestelakoak tarteko. Bi horiek ziren orduko Altsasuko entretenimendu nagusiak.

Pilotari oso ezagunek jokatu dute hemen: golpe handiko Pepe Oiarbide (Altsasuko artilleroa deitzen zuten, Nafarroako lehen pilotari profesionala), Manolo Otxoa, Ramon Vicente, Juan Delfrade, Adrian Amundarain, Rufino Larrea, Zabala, Yeregui, Etxandia, Bengoetxeatarrak… Osaba Zacarias ere bai. Hain trebea omen zen pala motzaren zierreko aldearekin jokatzen zuela eta besteek normal. Hala zioten. Extremadurar asko etorri ziren garai hartan ere baziren ongi jokatzen zuenik ere: Anton eta jokoa zuen eta izena gogoratzen ez dudan beste bat.

Trinketean indarra baino trebetasuna behar zen. Bazen oso trebea zen eta Pijadillas deitzen zuten bat. Zekena zen. Esaten zutenez, irabazi behar zuen ez bazekien, ez zela jokatzen. Ehunka partida jokatu zituen, baina sekula ez zuen pagatu. Normalean galtzen zuenak pagatzen baitzuen.

20. Beste erabilpenik bazuen trinketeak?
Urte akaberetan eta eguraldi txarra egiten zuen batzuetan dantzaldiak antolatzen zituzten, jazban batekin. Oraindik ere kideetako bat bizi da, Potaje deitzen dute, omendu egin dutena. Hark dantzaldiak antolatzen zituen eta jendeari kobratu egiten zieten. Dantzaldi haiek apaizari ez zioten grazia handirik egiten, baina antolatzen ziren.

Gogoratzen dut batzuetan trinketeak sorospen-gelatzat ere balio zuela. Bakarren bat mozkortzen zenean, batez ere ardoan doan ematen zutenean, batzuk ezin zutitu gelditzen ziren. Aitonak kafea prest izaten zuen eta gatzarekin ematen zien. Edo amoniakoa usainarazten zien. Pixka bat bizitu eta, gutxienez, etxera joan zitezen.