La Encinak hasi ditu urteko jarduerak

Guaixe 2017ko urt. 30a, 18:39

Urtero, ilbeltzeko hotzekin batera, La Encina Extremadurako kultur zentroak garai bateko txerri-hilketa nola egiten zen biziberritu zuen. Larunbatean izan zen, baina bezperan kideak elkartu eta kafearekin hartuko zituzten Extremadurako gozoak egin zituzten. Horrekin batera, hestekiak egiteko beharrezko guztiak, tripak eta beste, prest utzi zituzten. Larunbat goizean txerri hila ekarri bezain laster hura zatitzen hasi ziren. 120 kiloko pisu garbia zuen.

Odola aparte ekarri zuten eta harekin tripotak egiten hasi ziren. Marujak azaldu zigunez, odol litro bakoitzeko haragi kiloa (haragia eta koipea), baratxuria, gatza, mendafina, perrexila eta piperrautsa). Berdurazkoak egin izan dituzte inoiz, “baina oso neketsua da. Arrotza, porrua… baina hori ez da ohikoa Extremaduran”. Txorizo, saltxitxoi eta bestelakoetarako haragia txikitu zuten. Lana behar bezala egiteko ogi-apurrak gosaldu zituzten. 30 bat izan ziren extremadurar erara prestatutako apurrak dastatu zituztenak. Ogi txikituez aparte, tipula, baratxuria, txorizoa eta urdaia zuen.

Bazkaltzerako honakoak izan zituzten mahaira eseri ziren 50 bat kideek: eltzekoaren saldarekin egindako zopa, txitxirioak, aza eta eltzekoa egiteko erabilitako txerrikia (hezurrak, urdaia, belarrak, eskuak), postrea eta kafearekin bezperan egindako extremadurar gozoak. Nafarroan dauden etxe erregionaletako federazioko kide bat izan zen larunbatean La Encinan. Egun berean Nafarroako Gaztela-Leongo eta Valentziako etxeetan jarduerak zeuden. Altsasuarrek etxean zeregina zutenez, ezin izan zuten besteen ekitaldietan parte hartu.