Haur eskolako lanak despeditu dira

Guaixe 2017ko urt. 31a, 09:04

Auzobide kalean dagoen pareta atzeratu eta plaza bat sortzeko asmoa du udalak.

Altsasuko alkate Javier Ollo Martinezek jakinarazi digunez, Txirinbulo udal haur eskolako lanak despeditu berri ditu Arbeloa eraikuntza enpresak. Zelandi eskolan egokitutako moduluetan zegoen haur eskola, behin-behinean, 2015eko irailaren 3an sute batek txikitu zituen arte. Ordutik Intxostiapunta gazte gunean egokitutako espazioan dago haur eskola. Ollok gogora ekarri du ezbeharraren ondoren udalak egoki jo zuela geldituta zeuden haur eskolako lanei berriro heltzea. “Udalak diskrezioz eta eraginkorki lan egin du” prozesu guztian eta “lan horrek fruituak eman ditu, obra despeditu baita”. Haur eskolako langileek egindako administrazio eta politika lanak “udal osoaren esker ona merezi du”, gaineratu du alkateak.

Eraikuntza enpresarekin izandako elkarlana nabarmendu du aldi berean. Ollok argitu duenez, Navarro Villoslada eskola zen hartan haur eskola egokitzeko lanez aparte, eraikinaren lehen solairuan zenbait lan egin dituzte, “aurreikusitako lanen barruan ez bazegoen ere, egindako egokitzapena hobekuntza elementu garbia da eta egoki egotea hobe da”. Lanek 424.000 euroko aurrekontua izan dute.

Plaza berri bat
Lanak despedituta, Ollok azaldu du beste egiteko batzuk gelditzen direla. Alde batetik, gaur egun dagoen Auzobide kalean dagoen hesia atzera emanen dute udaleko lanen lantaldeko langileek. Otsailean eta martxoan eginen dute lan hori. Gelditzen den espazioan plaza bat sortzeko asmoa du udalak. Ollok azaldu digunez, udaleko aurrekontuetan plaza hori egiteko diru-sail bat sortzea aurreikusi dute.

Aurrekontu proiektua udal taldeak negoziatzen ari direla eta aurki udal bilkurak aztertuko duela jakinarazi digu alkateak. Aurrekontuen zirriborro horretan haur eskola janzteko 72.000 euroko diru saila aurreikusiak daude. Ollok argitu duenez, gastu horri aurre egiteko Toki Garapen Estrategia Parte-hartzailera diru-laguntza eskaera egin du udala. Nafarroako Gobernuak eta Europako Batasunaren funts horrek %70era arteko laguntza eman dezakeela gaztigatu du alkateak.