Zalantzarik gabe, urrezko uneak bizitzen ari da Naiara Diez saskibaloi jokalari altsasuarra (Altsasu, 1987, 1,81 m). Lointek Gernika Bizkaia taldeko kapitaina da Naiara Diez eta emakumezkoen saskibaloiko maila gorenean, Liga Femeninan, primerako denboraldia darama talde gernikarrak.
Izan ere, Liga Femeninan gauzak primeran doazkio Naiara Diez kapitainaren taldeari. Sailkapenean Perfumerias Avenida da liderra, 35 punturekin, eta Lointek Gernika Bizkaia hirugarena da, 31 punturekin. Egindako primerako lan horri esker, asteburuan Erreginaren Kopa jokatzeko sailkatu da talde bizkaitarra. Taldeak gaur hartu du Gironako bidea, bertan jokatuko baita Kopa.
Ilusio handiarekin
Naiara Diez eskolta da, eta Mario Lopez entrenatzaileak zuzentzen duen taldeko ezinbesteko jokalaria da, kapitaina. Diezek nabarmendu du Errege Koparen bezperako egun hauek ondo bizitzen ari direla, normalitatearekin. “Lasai gaude, Erreginaren Kopa prestatzen ilusio askorekin gaude, pozik, baina normal segitzen dugu lana egiten. Ligari dagokionez denboraldi ona egiten ari gara. Azken urteetan asko hazi gara eta orain momentu hoberenetarikoan dago taldea kopa jokatzeko. Talde garrantzitsua gara ligan, defentsa ikaragarri ona dugu eta hori erakutsi nahi dugu Kopan” adierazi du eskolta altsasuarrak.
Ligako azken partidan CREF Hola! Taldeari 72 eta 46 irabazita doaz kopara gernikarrak. Hori positiboa da, zalantzarik gabe. Final laurdenetan, ostiralean, Al Qazeres Extremadura izango dute aurkari. “Al Qazeres da ligan irabazi gaituen taldea. Partida oso zaila izango da, baina kopan edozer gerta daiteke. Gure lana egiten badugu finalerdian egoteko aukerak izango ditugu. Garen taldea izaten saiatuko gara, gure jokoa egitera aterako gara, ongi pasatzera eta horrela egiten badugu gauzak ongi aterako direla uste dut. Ostiralekoa da gure lehen finala” ondorioztatu du altsasuarrak.
Gernika Lointek Bizkaia taldearen bilakaera handia izan da azken lau urteotan. “Duela 4 urte 2. mailan geunden, igoera fase ona egin genuen eta lehen mailara igo ginen. Liga Femeninako lehenengo urtea oso ona izan zen, bigarren urtean hobetu genuen eta hirugarrenean begira non gauden. Erregina kopa jokatzea historikoa da klubarendako eta Gernikarendako. Izan genezakeen talderik hoberena dugu Kopan joko on bat egiteko. Orain kopan dugu ikuspuntua eta gero ikusiko dugu zer gertatzen den ligan” azaldu du Naiara Diezek. Zorterik onena opa diogu altsasuarrari.
Saskibaloiko Erregina Kopa
-Final laurdenak (ostiralean)
18:45ean Lacturale Araski – Star Center Uni Ferrol (CanalFEB)
21:00etan: Lointek Gernika Bizkaia – Al-Qazeres Extremadura (Teledeporte)
-Final erdiak (larunbatean)
19:00etan: Spar Citylift Girona – 1. kanporaketako irabazlea
21:45ean: Perfumerias Avenida – 2. Kanporaketako irabazlea
-Final handia (igandean)