Urte bat pasa eta gero
 (errepresioaren aurka, C.A.Osasunaren zaletuen eskubideen alde)

Ruben Imaz Alcaide 2017ko ots. 10a, 08:15

kolaboratzaileak

Duela urte bete, egunari eusteko nagiekin jaiki ginen gutako asko, egunero bezala. Inondik inora espero ez genuena zen gaua kalabozo ilun eta heze batean bukatzea, hormigoi zati baten gainean eta manta zikin batekin.

Denbora soberan izan genuen ordu luze horietan egoeraren inguruan hausnartzeko, eta arduradunak eta arrazoiak bilatzeko. Erraz aurkitu genituen guztiak. Gaur, atzo bezala, gure artean jarraitzen dute, zoritxarrez. Denboran atzera egin dezagun eta gogoratu.

Badira urte batzuk LFP den usteldutako sistema hau harmailen munduan kolpeka ari zaigula, instituzio eta alderdien baimen guztiarekin eta Deporreko jarraitzaile Jimmyren hilketa modu lotsagarrian erabiliz. Adierazpen askatasuna, zaletuen eskubideak eta oinarri-oinarrizko eskubideak mehatxatu eta murriztu dizkigute, nork eta curriculum faxista oparoa duten pertsonaje batzuek, hala nola J. Tebas, Fernandez Diaz eta instituzio eta klubetako arduradunak.

Ezin dugu gure pankartarik jarri, ezin dugu gure sinbolorik eraman... futbol zelaiek elkartzeko eta festarako toki izateari utzi diote, errepresioaren laborategi bihurtzeko. Egoerak ez du ez hanka eta ez bururik: gure pasioaren bazkide egiteko ordaintzen dugulakoan, benetan gure burua arriskuan jartzeko ordaintzen dugu. Estutu gaitzaten, kolpatu gaitzaten, isunak jaso ditzagun eta debekatu gaitzaten. Ez gara jarraitzaileak; eskubiderik eta askatasunik gabeko merkantzia izatera pasa gara.

Duela urte bete, futbol modernoaren sortzaileek, ate birakarien lagunek, billete-jale amorratuek eta korrupzioarekin dantzan dabiltzanek gaizkile taldea ginela esan ziguten. Noiz eta zaletuen eskubideen eta askatasunen inguruko borroka sekula baino aktiboago geneukanean.

Zerk eman ote die min gehien? Pentsatzen genuen kalabozoan. Behar bada, Sadarren animazio-erronkan Poliziari astindua eman genionekoak. Egun horretan, guk, zaletuek, argi erakutsi genuen gu bakarrik garela gure pasioaren jabe. Edo, min eman ote zien pankarta deserosoak zintzilikatzen hasteak? Arrazoiez hutsik zeuden euren argumentu guztiak, agerian uzten zituzten, bai.

Osasunaren zaletuen aurkako errepresio kolpe lotsagarri hau gertatu zenetik uste bete pasa ondoren, harro gaude garena izateaz. Gorritxo amorratuak gara, eta harrotasunez erotu arte maite dugun herri honen parte ere bai. Abertzaleak eta antifaxistak gara, Eladio Zilbetik eta beste hainbat nafarrek utzitako lekukoa hartu dugunak. Pasioz eta identitatez osatutako lekukoa da, eta trepa, golpista eta kunetero guztien aurrean defendatuko duguna.

Erregimen inkisitorialek, indar okupatzaileek eta erregionalista traidoreek jazarri zituztenen bilobak gara, baina orain gauzak aldatzera gatoz, GERTU BAITAGO GARAIPENAREN EGUNA! 30 urtez Basatiak izaten!

Gogoan izan nahi ditugu, baita ere, beste muntai polizial baten ondorioz preso dauden Adur,  Jokin eta Oihan altsasuarrak, guk ez dugulako lagun bakar bat ere harmailan bakarrik uzten. Elkartuta gaude eta elkarrekin desmuntatuko ditugu muntai polizial, judizial eta mediatiko hau eta gainontzeko guztiak: DENOK BORROKARA, DENOK KALERA!