Elkartasun argazkia eta zortzikoa

Guaixe 2017ko otsailaren 10a

Ferietako liskarraren ondorioz hiru altsasuar preso daude Soto del Real espetxean. “Ezinen dute festaz gozatu bere senide eta lagunekin batera” gaztigatu dute herri-asanbladatik. Horregatik, biharko elkartasuna adierazteko bi deialdi egin dituzte. 12:45ean jarri dute hitzordua Iortia kultur gune parean. Elkartasun argazki erraldoia egin nahi dute lehenik eta, ondoren, zortzikoa dantzatu. Herri-asanbladatik kinto ospakizunei elkartasun kutsua emateko zapia janzteko deialdia luzatu dute. Era berean, herri-asanbladak polizia-muntaia eta “Altsasuko zirku handia” salatzeko martxoaren 4an, hiri-inauterian, zirkuz mozorrotzeko gonbidapena egin du.