Altsasuko Udalak bere obra eta garbitasuneko lantaldeko lanpostuen hizkuntza irizpideak aldatu zituen. Aurreko legegintzaldian erabakitakoaren arabera, lanpostu horietarako ezinbestekoa zen euskara ezagutza jakin bat izatea. Ostiraleko aldaketaren ondoren euskararen ezagutza puntuatuko den meritua izanen da. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, “aldaketarekin Altsasuko soziolinguistika-errealitatera egokitu dugu. Profil berriak ez dio jendaurrean lanean ari diren lanpostuei eraginen”.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiko Garbiñe Petriati Ijurra hizkuntza-eskakizuna kentzearen kontra azaldu da. Argudiatu duenez, “obra eta garbitasuneko brigadetako langileen funtzio eta zereginak herritarrengandik gertu, Altsasuko kaleetan, eskolan eta udal eraikinetan egiten direla kontuan hartuz; herritarrekin zuzeneko hartu-emana egunerokoa eta oso indartsua izango dutela aintzat hartuz, Altsasuko herritarrek gertuen dituzten udal langileak direla kontuan edukiz, lanpostuotan euskararen ezagutza nahitaezkoa izaten jarraitu behar duela” adierazi du. Aldatutako irizpideak udalak aurreko legegintzaldian hartu zituela gogorarazi du. “Ez denez inolako aldaketarik egon lanpostuen zeregin eta funtzioei dagokienez, ez da ulergarria eta onargarria lehen nahitaezkoa zena orain aukerakoa edo merezimendu kualifikatu gisa jotzea”.