Altsasuko Udalak aurtengo aurrekontuak onartu zituen ostiralean. Geroa Baik eta PSNk alde bozkatu zuten, Goazen Altsasu abstenitu egin zen eta EH Bilduk kontrako botoa eman zuen. UPNko zinegotzia ez zen bilkuran izan. Javier Ollo Martinez alkateak PSNk eta Goazen Altsasuk izan duten negoziaziorako jarrera eskertu zuen. Ollok nabarmendu duenez, “aurrekontuek gakoak diren udalaren bi arlori garrantzia ematen die: ekonomia garapena eta ongizatea”.
Altsasuko Udalak Sakanako Mankomunitateari aurten 548.429,02 euroko ekarpena egitea aurreikusi du. Ibarreko erakundeko aurrekontuak onartu gabe daude. Baina zirriborroan 16.866,63 euro gutxiago zehaztu dira. Hala balitz, udalaren diruzaintzako-gerakineko poltsa handituko luke kopuru horrek. Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitaterako ekarpena “nabarmen handitu” dela dio Ekonomia-Finantza Txostenak. 278.367,23 euro dira. Babestutako Gizarte Enpleguko langileen soldataren igoerak, jubiloteka zerbitzu berriak, Bocalan Biak Batekin egindako hitzarmenak eta mankomunitateko langileen soldata %1 igotzeak ekarri du igoera hori. Udal eta udal erakunde autonomoetako langileek soldata igoera bera izanen dutela jakinarazi du Ollok.
Erakunde autonomoei dagokienez, Aita Barandiaran egoitzarako Altsasuko Udalak 107.859,49 euroko ekarpena eginen dio. Joan den urtean baino gutxiago, Nafarroako Gobernuak bere ekarpena handitu duelako. Udal Musika eta Dantza Eskolan egoera kontrakoa da eta udalaren ekarpena 221.955,74 eurora arte igoko da. Bestalde, Altsasuko ikastetxeei zuzendutako 48.000 euroko diru-laguntza deialdia sortu du udalak. Iñigo Aritza ikastolak jasotzen zuen diru-laguntza desagertu egin da.
Etxegabeen aterpea kamineroenak ziren etxeetako batera leku-aldatzeko 50.000 euroko jaso dira aurrekontuan EH Bilduk proposatutako emendakin baten bidez. Alkateak zehaztu duenez, “diru-sail hori Nafarroako Gobernuaren diru-laguntza batena da eta bideragarritasun txostena egin ondoren diru-zaintzako gerakinean gelditutakoarekin handitu beharko da”. Bestalde, Gizarte-kooperaziorako proiektuak diruz laguntzeko 4.000 euro izanen ditu Altsasuko Udalak eta beste 1.000 nazioarteko larrialdi laguntzetarako.
Ekonomia
Haren garapenera 73.392,2 euro bideratu ditu udalak; 46.392,2 euro Sakanako Garapen Agentziarako, 22.000 euro Cederna-Garalurrendako eta 5.000 euro ekintzailetza laguntzeko. Azken horren “kopurua txikia bada ere, ondorioztatu dugu zuzeneko laguntzen bidez ekintzailetza kultura sustatzeko ahalegina egin behar dugula”. Orain arte fiskalitate arloan hobariak edo udal zergen-salbuespenak izan dira. Urrats horrekin foru-araudian jasotakora hurbildu nahi du udalak. Bestetik, ekonomia-sustapenerako 1.000 euroko diru-saila sortu du udalak, Altsasuko Dendarien Elkartearekin edo bestelako erakundeekin sortu daitezkeen ekimenak laguntzeko.
Enplegua sustatzeko langileen kontrataziorako kopuru “garrantzitsua” bideratu dela gaztigatu du Ollok: 78.150 euro. Horietatik 49.000 euro diru-laguntza bidez pagatzea aurreikusten du udalak. Alkateak nabarmendu zuenez, “joan den urtean hala egindako kontratazioak oso emaitza onak eman zituen eta aurten ere hala izatea espero dugu”.
Inbertsio aurreikuspenak
Onartutako aurrekontuaren %3, 213.273 euro inbertsioetara bideratuko da. Altsasuko Udalak oraindik ez ditu joan den urteko kontuak itxi, baina “lortuko dugun diruzaintzako-gerakina izugarri garrantzitsua izanen da. Eta 2017-2019 Tokiko Inbertsioen Planak garrantzia handitzen du” gaineratu du Ollok. Udala plan horretara aurkeztu beharreko memoriak prestatzen ari da. Honako lanak dira egin nahi dituztenak: Zumalakarregi plaza eta Isidoro Melero eta Ermita kaleen sareak eta zoladura berritzea batetik eta, bestetik, udaletxea eraberritzea eta handitzea.
Alkateak honako konpromisoa ere hartu du: “inbertsioak egitea herritarren parte-hartze mekanismoekin uztartu ahal izateko prozesu baten oinarriak zehazteko Parte-hartze, Ogasun eta Hirigintza Batzordearen bilera deitzea”. Asmoa litzateke herritarrek parte hartzeren bidez egitasmoak aurkeztea, aztertuak izan daitezen eta denbora, teknika, ekonomia eta legalki bideragarriak direnak kontsulta bidez erabakitzeko. Horretarako, diruzaintzako-gerakina ixtean, udalak diru-kopuru bat zehaztuko du.
Inbertsioak | |
Zer | Euroak |
Txirinbulo haur eskolako ekipamendua | 72.000,00 |
Zelandi eskolako 1. solairuko komunen berritzea | 51.000,00 |
Haur eskola berriaren pareko plaza egiteko | 25.000,00 |
Udal eraikinen energia-eraginkortasun azterketa | 7.229,75 |
Mank-i utzitako bi eskumenen inguruko ikerketa
Altsasuko Udalak Sakanako Mankomunitatearengan delegatuak ditu euskara eta kirol arloak. Bi arlo horiek bere gain hartzeak Altsasuko Udalarendako zein kostu izanen lukeen ikertuko dute aurten. Eta Mank-i horiengatik gaur egun pagatzen diotenarekin konparatuko dute. “Emaitzen arabera, udalak dagozkion neurriak hartuko ditu 2018ra begira”. Alkateak argudiatu duenez, “eskaintzen diren zerbitzuak ahalik eta eraginkorren izan daitezen” eginen da ikerketa. Eta egun Nafarroako udal maparen berrazterketa egiten ari dela gogorarazi du. Geroa Baik eta PSNk aurkeztutako proposamenarekin bat egin zuen Goazen Altsasuk. EH Bildu abstenitu egin zen.