Inauteriak ihoteak 2017

Inauteria, hirutan

Guaixe 2017ko ots. 24a, 13:32

Altsasuk ihoteaz gozatzeko hiru egun eskaintzen ditu. Domekako inauteri txikiarekin, haurren egunarekin, hasiko dira ospakizunak, astearteko herri-inauteriko eta heldu den larunbateko hiri-inauteriarekin osatzen dira mozorro egunak.

Ihote altsasuarreko ikonoa momotxorroa da. Makina bat altsasuar hartan itxuraldatuko dira asteartean. Baina baita ihote segizioko beste hainbat pertsonaietan ere: ereintza, juan-tranposoak, maskaritak, akerrak eta sorginak, ezkontza eta matxin gaiztoak. Txikienen segizioa, ohi bezala, arratsaldez izanen da eta iluntzearekin batera, berriz, helduena. Azken horrek badu berritasun bat. Orain arte ezkontzaren antzezpena Gurutze Saindua auzoan jokatu bada ere, aurten San Juan plazara leku aldatu da.

Aurten ere, astearteko ihote-segizioa Zumalakarregi plazara iristen denean, Dantzarima dantza konpainiako kideek Akelarrea, irudikatuko dute. Sorginen larruan sartu eta “suaren indarra ekarriko digute, gure gorputzaren barnealdean dabilen gar gorriak jariatzen duen boterea, udaberriaren deia… ekarri ere”. Akaberan, berriz, dantzaren konjuruen eta musikaren bidez sorginek Altsasuko segizioko pertsonaiak lozorrotik ateratzen hasiko dira, iluntzeari, neguari, akabera emanez. Lo dagoen natura faren soinuek eta errautsek garbituko dute, berriz emankor izan dadin.

Oharrak
Alde batetik, jakinarazi dute momotxorroak eta beste pertsonaiak Zelandin janzten diren bitartean bisitariek hori ikusteko aukera izanen dutela, baina frontoira sartzeko deia egiten zaienean, Zelandiko eremutik ateratzea eskatu dute. Bestetik, gogorarazi dute ihote programazioan parte hartzea guztiz borondatezkoa dela. Horregatik, arretaz jokatzea eta segurtasun tartea gordetzea gomendatu dute. Ez udala ezta Inauteri Batzordeak ere ez du pertsonengan edota materialetan sortutako kalte edo erreduren ardura izanen. Azkenik, Zelai, Altzania eta Bakea kaleetan autorik ezin dela aparkatu gaztigatu dute.

35
Urte horiek bete dira Altsasuko herri-inauteria berreskuratu zela. 2011ko ilbeltzaren 10ean Turismo Intereseko Nafarroako Festa izendapena jaso zuen.

Argazki lehiaketa
Altsasuko Dendari Elkarteak 30 euroko txartela zozketatuko du inauteri ospakizunetako hiru egunetan ateratako argazkiekin. Parte-hartzaileek argazkiak Facebook sare sozialean argitaratu behar dituzte argazkiak, ADE@altsasukodendarienelkartea aipatuz eta #altsasukoinauteriak17 hastag-a erabiliz.

Egitaraua
Otsailak 26, domeka
17:30etik 20:00etara Haurren maskarada, Burunda frontoian. Txokolate-jana eta mozorro festa Diskoteke taldearekin. Akaberan, Momonsuzko.

Otsailak 28, asteartea
14:30ean Herri bazkaria, Burunda frontoian.
16:30ean Puska biltzea, Alde Zaharrean barna.
16:30ean Momotxorro txikien elkarretaratzea eta txokolate-jana, Zumalakarregi plazan.
17:00etan Momotxorro txikien irteera, Zangitu fanfarrea, Altsasuko Gaitariak, eta Agoizko Burrunbaz lagunduta.
17:30ean Auzatea, GureEtxea eraikinean.
18:00etan Inauteri txikiaren iritsiera Foru plazara. Ondoren, momonzuskoa.
18:30ean Kalejira, Foru plazatik Zelandiraino.
    Torrada dastatzea, Gure Etxea eraikinean. Gastronomia elkarteen laguntzaz.
18:45ean Odolaren erritoa eta herri inauteriko elkarretaratzea, Zelandin.
19:00etatik 21:00etara Dantzaldia Soni2 bikotearekin, Foru plazan.
19:30ean Herri inauteriaren irteera, Zelanditik. Txorongo txaranga, Zangitu fanfarrea, Altsasuko Txistulari eta Gaitariak, Xapitu trikitixa eskola eta Agoizko Burrunbaz lagundua.
19:45ean Ezkontza San Juan plazan.
20:00etan Akelarrea, sugarraren boterea, Dantzarima dantza konpainiako dantzariak.  Zumalakarregi plazan.
21:00etan Inauteriaren iritsiera, ezkila jotzea, dantzaldiaeta mozorroak kentzea, Foru plazan.
22:00etatik 00:00etara Dantzaldia Soni2 bikotearekin, Foru plazan.