Udalak zortzi lanetarako diru-laguntza eskaera aurkeztu du

Guaixe 2017ko mar. 3a, 10:40

Jendea Zumalakarregi plazaren erdian.

Nafarroako Gobernuaren 2017-2019 Toki Inbertsio Planera kaleen zorua, saneamendua, argiteria eta udaletxea berritzeko lanen memoriak aurkeztu ditu. 2.616.246,5 euroko inbertsioa litzateke.

“Inbertsio errealistak dira eta udal honek markatutako helburua gauzatu nahi dute: Altsasu hobetzea”. Javier Ollo Martinez alkateak gaineratu duenez, “azken urteetan ezin izan da garrantzizko lanik egin, batetik Inbertsio Plan berririk ez zegoelako eta, bestetik, Aurrekontu Egonkortasun eta Finantza Jasangarritasun Legeak udalei euren ekonomia baliabideak libreki erabiltzea galarazten dielako”.  

Zortzi lanetako bi Altsasuko argiteria berritu eta egungo farolak LED teknologiakoengatik ordezkatzeko dira. Bi epetan eginen litzatekeen lan horiek 133.657,88 euroko aurrekontua lukete. Bestalde, jakina da Altsasuko ur biltegian Urdalurtik sartzen den eta udalak fakturatzen duen ur kopuruaren artean milioi bat metro kubikoko aldea dago. Horrek Altsasuko Udalak Sakanako Mankomunitateari uragatik ordaindu beharrekoa izugarri igotzen du. Ur biltegiaren irteeran eta Isasian denbora errealeko neurgailuak jarri nahi lituzke udalak ur ihesak dauden edo kontrolatu gabeko kontsumoak dauden jakiteko. 4.235,4 euroko inbertsioa da.

Gobernuari egindako diru-laguntza eskaeren artean herriko bi guneko sareak, zoladura zerbitzuen kanalizazioa berritzeko lanak daude. Alde batetik, Amaia, Bakea eta Zumalakarregi plazakoak eta, bestetik, Isidoro Melero eta Ermita kalekoak. Bi gune horietan etxeetako ur zikinak eta euri ura hoditeria bakarrean jasotzen dira eta horrek Urdiaingo araztegiaren lana zailtzen du. Aurreneko lanak 1.102.632,8 euroko aurrekontua du. Bigarrenak, berriz, 825.600,28 eurokoa. Azkenik, udaletxean honako lanak egin nahi lituzke udalak: eskailerako hutsunean igogailua jarri (189.059,03 euro), teilatua konpondu (52.440,76 euro), leihoak aldatu, suteen kontrako ibilbideak legedira egokitu eta isolamendua hobetu (308.620,65 euro).