Iruñekoaren ondoren, ostiraleroko kontzentrazioa

Guaixe 2017ko mar. 3a, 11:21

Udaletxe parean kontzentrazioa eginen dute, atzera ere, gaur, 19:00etan. Ferietako liskarragatik preso dauden hiru gazte altsasuarren askatasuna eskatu eta “polizia-, epaitegi- eta hedabide-muntaiak” salatuko dituzte. Joan den asteko Iruñeko bilkura jendetsuaren ondoren heldu da gaurkoa. Ehun egun preso bete zituztela eta protestaldia Iruñeko Sarasate pasealekura eraman zuten. 2.000 bat pertsonek bat egin zuten deialdiarekin. Jendeak eskutan zituzten paperetan honakoak irakur zitezkeen: Altsasuko 11k aske!; Oihan, Adur eta Jokin askatu! edota polizia-muntaiarik ez.

Akaberan gurasoek “gurekin egoteagatik” eskerrak eman zituzten. Esan zutenez, “100 egun baino gehiago daramatzagu larri, beldurrez, sufrimenduz… eta, batez ere, 100 egun baino gehiago gure 3 semeen falta sumatzen”. Espetxeko FIES 3 erregimena “kartzela kartzelaren barruan” dela gaztigatu zuten. Euren kasua “justizia gabeko kasua” dela gaineratu zuten. Eta “amorrua eta ezintasuna sortarazten digu”. Herri-asanbladatik “erakundeen inplikazioa garrantzitsua” dela gaztigatu zuten eta Nafarroako Gobernuari eskatu zioten Diputatuen Kongresuari hiru atxilotuen askatasuna eskatzeko.

100 egunetako datuak
57.700 km: espetxeratuen senide eta lagunek kartzelara egindako joan etorriak.
16.400 euro: espetxetarako joan-etorrietan gastatutakoa.

Martxoaren 8an
Asteazkenean, 12:30ean, Iruñeko Justizia Jauregiaren parean kontzentrazioa eginen da. Auzipetuen gurasoek bilkuran parte hartzera deitu dute.